argia.eus
INPRIMATU
Wikipedia AA eduki okerretik (baina ez AA orotatik) askatzeko premia eta proiektua
  • WikiProject AI Cleanup proiektuari ekin diote Wikipedian: "Adimen Artifizialaren garbiketa", nolabait esatearren. Wikilari boluntarioak momentuz ingelesez, frantsesez eta alemanez hasi dira adimen artifizialaren bidez sortutako materialak detektatu eta (okerrak izatekotan) ezabatzeko helburuz sortutako ekimen honetan.

Sustatu Sustatu 2024ko azaroaren 01

Adimen artifizialarekin idatzi diren artikuluak detektatu izan dituzte wikilariek 2022tik hona. Proiektuaren orriak zenbait adibide zerrendatzen ditu, eta aipagarri batzuk ekarriko ditugu hona:

  • Rezaabad Irango herriaren deskribapena. Norbaiti laburra irudituko zitzaion agertzen zena, eta artikulua luzatu zuten testua eskatuz adimen artifizialari: zelako landa berde, emankor eta aberatsean zegoen kokatua asmatu zuen nonbait sistemak, non eta mendialde lehor batean dagoen herria.
  • Artikulu guztiz faltsuak sortu dituenik ere bada, hoax bat edo ziria sartzeko gogoa agian: Amberlihisar gotorleku otomandar guztiz fiktizioaren artikulua, kasu.
  • Historiografia leninistaren artikulua bihurriagoa da: gaia landu daitekeen kontu serio bat da, baina edukia guztiz asmatua da. Are okerrago: Wikipediak eskatzen die editoreei erreferentziak eman ditzaten, eta kasu honetan, erreferentzia bibliografiko batzuekin zetorren artikulua (adibidez, The Revolutions of 1989, J. L. Black batena ustez), baina adimen artifizialak asmatutako liburu eta erreferentzia faltsuak dira kasu honetan.

Proiektuaren asmoa ez da Adimen Artifiziala debekatzea erabilpenean, baizik eta emaitza egiazkoak eta erreferentiaz hornituak ematen dituen AA-testuak izatea, erabiltzekotan. Izan ere, adimen arfifizialeko elementu batzuk (irudi sorkuntzan, emaitzak libre badira) erabiltzen dira Wikipedian, eta euskarazko Wikipedian ere: ikus euskal mitologia eta ipuinetako hainbat kontu ilustratzeko sortutako irudi sortak, eta beren erabilpen adibideak adibidez Basajaun eta Kixmi artikuluetan.

Euskarazko Wikipedian AA erabilpen kutsatzailerik izan delako susmorik ez dugu. Badago, ordea, itzulpen automatiko txarra eta zuzendugabea erabiltzen delako ebidentzia. Txantiloi batek abisua ematen du halako orrietan, adibidez BBCri buruzko honetan; eta zuzendu beharreko orri asko daudela ere egia da.

Gehiago jakiteko: WikiProject AI Cleanup.