Wikipediak eta Wikipediaren inguruan dauden proiektuek hezkuntzarekin duten harremana aztertzeko, dagoeneko dauden proiektuez eta elkarri laguntzeko erronkez eztabaidatzeko, nazioarteko konferentzia anbiziotsua antolatu dute Donostian, apirilaren 5etik 7ra.
Hiru egunez, 50 herrialdetako 130 lagunek hartuko dute parte eta 50 aurkezpen baino gehiago egingo dituzte. Hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak… prestatu dituzte eta zuzeneko itzulpena eskainiko da, ingelesaren eta euskararen artean.
Besteak beste, Mary Burnsek hitzaldia eskainiko du: 100 argitalpen baino gehiago ditu eta kontinente guztietan lan egin du hezkuntza curriculumen garapenean. Katherine Maher Wikimedia mugimenduan hezkuntzak duen paperaz mintzatuko da; Afrocrowd taldea eta Wikiemakumeok proiektua gisako adibideak aurkeztuko dituzte, eta hizkuntza eta komunitatea oinarri hartuta Galesko ikasleek Wikipedian martxan jarritako proiektua azalduko dute.
Irakurri egitarau osoa, ingelesez.