Europar Batasunaren eta AEBren arteko ezkutuko akordio ekonomikoa herritarren esku utzi nahi du Wikileaks taldeak. 100.000 euroko diru-saria eman nahi diote TTIPen dokumentuak eskuratzen dituenari. Dirutza hori biltzeko crowdfundinga abiatu dute.
“100,000 euroko saria Europako sekreturik preziatuenaren truke”. Hala dio Wikileaksek zabaldu duen kanpaina berriak. Ekimena martxan jarri eta ordu gutxitara 14.000 dolar bildu ditu diru bilketa kanpainak. Wikileaksen webgunean –www.wikileaks.org/pledge/– egin daitezke diru ekarpenak, baita TTIPen inguruko informazioa helarazi ere.
Europa eta Amerikako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena delakoa –ingelesezko akronimoa TTIP da–, AEB eta Europaren artean negoziatzen ari diren tratatua da, bi lurralde horien arteko “inbertsioa eta merkataritza handitzeko, ustiatu gabe dagoen merkatu transatlantiar potentziala errealitate bihurtzeko eta aukera ekonomiko berriak sortzeko, enplegua eta hazkundea sortuz, merkaturako sarbidea hobetuz, araudia bateratuz eta munduko arauen norabidea markatuz”.
Akordioa iluntasun handiz ari dira negoziatzen, eta Europako herritarrok ezer gutxi dakigu hitzarmenaren nondik-norakoak. “Negoziatzaileen eta multinazionalen esku daude TTIPen akordioak, beraiek baino ez dute dokumentuak irakurtzeko sarbiderik izan”, salatu dute Wikileaksen oharran.
Julian Assangek hala hitz egin zuen TTIPi buruz: "Europako demokraziaren etorkizunari itzal egiten dio. TTIPen babesean, interes "bereziak" dituztenak libre arituko dira, Greziako herritarren aurka berriki antolatu dute finantza blokeoak erakutsi digunez. TTIPek europar ororen bizitzaren eragiten dio eta Asiarekin epe luzeko gatazkan sartuko du Europa. Bere sekretuak haizatzeko garaia da."
TPP eta TISAren bidetik
TTIP bezalako beste bi merkataritza akordio handi daude munduan: TPP (Akordio Transpazifikoa) eta TISA (Zerbitzuen Salerosteari buruzko akordioa). Bi akordioen edukiak sekretupean mantendu dira TTIPenak bezala, baina egun, nagusiki Wikeleaksek egindako lanari esker, bi akordio horien nondik-norakoak denen begietara daude ikusgai.