argia.eus
INPRIMATU
AEBek mendebaldeko hainbat agintari espiatu dituztela argitaratu du WikiLeaks-ek
Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 23a
AEBek, beren petrolio konpainia handiak babestu nahian, espiatu egin ditu Ban Ki-moonek klima aldaketari buruz egindako bilerak.

Dokumentu horietan azaltzen denez, AEBetako agentziak espiatu egin ditu Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiaren eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arteko elkarrizketak, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren eta Silvio Berlusconi Italiakoaren arteko elkarrizketak, eta Europar Batasuneko eta Japoniako merkataritza ministroen artekoak.

Ban Ki-moonek eta Merkelek klima aldaketaren inguruan eztabaidatu zuten, Netanyahuk laguntza eskatu zion Berlusconiri Obamari aurre egiteko, eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Berlusconiri abisatu zion bere herrialdeko banku sistemak “hondoa jo zezakeela laster”.

Julian Assange WikiLeakseko editoreak azaldu duenez, kezkagarria da AEBek, beren petrolio konpainia handiak babestu nahian, Ban Ki-moonek klima aldaketari buruz egindako bilerak espiatu izana. “Interesgarria izango litzateke NBEren erreakzioa ikustea: NBEko idazkari nagusia espiatzeak ez badu inolako ondoriorik, orduan munduko edozein herritar espiatua izan daiteke”, gaineratu du.