argia.eus
INPRIMATU
“Wifi”, “jonki” eta “transexual”, Euskaltzaindiak urtea hastearekin batera arautu dituen hitzen artean
  • Euskaltzaindiaren Hiztegiak 466 hitz berri ditu. Urtarrilaren 11n jakinarazi du euskararen akademiak hiztegian sartu diren berbak zeintzuk diren, baita horiekin batera arautu diren 392 azpisarrerak ere.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 16a
Euskaltzaindiko kideak iazko uztaileko argazki batean (argazkia: Euskaltzaindia).

Euskaldunen artean maiz erabiltzen diren hitzak dira Euskaltzaindiaren Hiztegian hemendik aurrera agertuko diren asko. Adibidez, “bokata” hitzaren bigarren adiera onartu du akademiak, “ogitartekoa”-ren sinonimo gisa –aurretik onartua zuen Ipar Euskal Herrian duen esanahia: lixiba, arropa multzoa edo nahastea–.

Onartutako sarrera eta azpisarrera berrien zerrenda Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke eta baditu beste zenbait bitxikeria ere. Bati baino gehiagori deigarria egingo zaio, berbarako, euskal hiztun askok ia egunero praktikatzen duten kirola orain sartu izana hiztegian: “txikiteo” hitza forma arautua da dagoeneko: “Tabernaz taberna baxoerdiak hartzen ibiltzea”, azalpenarekin agertzen da Euskaltzaindiaren Hiztegian.

Bada ardoarekin hasi eta beste substantzia batzuetara zaletzen bukatzen duenik, maiz droga gogorren adikzioan erortzeraino. Horiek ere agertuko dira hiztegian aurrerantzean: “jonki” hitza arautu du Euskaltzaindiak, heroinazaleak deskribatzeko lagunarteko espresio gisa.

Eta hizkuntzaren alderdi drogosoa alde batera utzita, ezagunak izan arren oraindik hiztegian sartu gabe zeuden termino asko ere agertzen dira zerrendan: “ninja”, “piercing”, “paparazzi”, “spa”, “transexual”, “trekking”, “zeliako”, “txosnagune”, “wifi”…

Hizkuntza ez baita geldirik dagoen zerbait, berritzen doa euskaldunok egunero erabiltzeari esker, hitz eta esanahi berriak sortzen. Eta akademiak aldaketa horiek islatu behar ditu bere hiztegian, ez gauza paranormaltzat hartu. Bide batez, “paranormal” ere agertzen da hitz berrien zerrendan.