Azken aldi honetan mugikorretako bat-bateko mezularitzako sektorean lehia zorrotza gertatzen ari da. Izen handiena dutenak gutxi batzuk dira: gurean Whatsapp-a, Line eta Wechat ekialdean... Baina aplikazio hauen atzean beste batzuk tokia egin nahian ari dira ezaugarri bereizgarri bat eskainiz: komunikazioaren segurtasuna.
Internet bidezko komunikazioen arteko espioitzaren salaketen harira, erabiltzaileak norberaren intimitatea gehiago estimatzen du. Behar honen aurrean balio bereizgarriak dituzten zerbitzu berriak sortzen ari dira, datu pertsonalen babesa eskeintzen dituztenak. Aplikazio hauen berri Vilaweb atarian izan dugu.
Redact
“Mezugintzako guztiz segurua den lehenengo aplikazioa” gisa saldu zen duela urtebete. Zerbitzuak ez du mezurik gordetzen, ez eta kontaktuen informazioa ere, edozein informazio mota lapurtzea sahiesteko. Intimitatea areagotzeko, bakoitzari PIN zenbaki bat egokitzen dio, izenik, mugikor-zenbakirik edo helbide elektronikorik ez eskatzeko. Redact ordaintze-zerbitzu bat da, 3,45 euro Androidentzat eta 4,43 iOS sistemarentzat.
Whistle.im
2013ko irailean Alemanian sustaturiko mezularitza zerbitzu hau beta fasean dago eta Android sistemarako sortua izan da. Intimitatea norberaren oinarrizko eskubidea dela aldarrikatzen dute. Zerbitzu honek pribatutasun osoa bermatzen digu.
BBM
Blackberry mugikorrentzat BBM aplikazioa dugu. Merkatuko zerbitzu beteranoena da. Iaztik aurrera Android eta iOS sistema erabiltzen duten mugikorretara zabaldu da. Segurtasuna da BBMren erakargarri nagusia, datuak ezkutatzeko sistemak erabiltzen dituelako eta erabiltzaile bakoitzari PIN bat ezartzen dio.
ChatSecure
Komunikazioa babesteko beste aukera bat, doakoa eta kodigo irekiduna da. Android eta iOS sistementzat balio du, baita ordenagailuko Linux, Mac eta PC sistementzat ere. Aplikazio honek jada existitzen diren bat-bateko komunikazioetatik (Facebook chat, Google Talk, Hangouts...) bidaltzen ditugun mezuak zifratzen ditu.
Telegram
Alternatiba guztietatik azkenaldian sona gehien duena da. Whatsapparen estetika eta funtzio berdinak ditu kasik. Doako erreminta seguru bezala aurkezten dute egileek eta gaur egungo sektoreko bi zerbitzu nagusiak bi ezaugarriekin gainditu nahi dituzte: segurtasuna eta abiadura. Bereizgarrien artean bidaltzen diren mezuek iraungitze epe bat dute, denbora jakin bat igarotzean, mezuak ezabatu egiten dira. Gainera, kalitate handiko bideoak bidaltzeko aukera ematen du, gehienez giga bateko pisurekin. Zerbitzu hau Android eta iOS sistementzat sortua dago
Heml.is
Telegram-en lehiakide izateko aukera handiak ditu aplikazio honek. Duela urtebete sortu zen Heml –suedieraz sekretu- Prism estatubatuar espioitza programak sortutako debatearen ondorioz. Sortzaileek diotenez, nahiago dituzte internet eta sare sozialen bidezko komunikazioak, baina pribatutasun ezak bultzatu zieten zerbitzua aurrera ateratzea: “Inork ezin du espiatu mezularitza aplikazio hau, ezta guk ere. Sekretuak sekretu dira, sekretuak badira”