argia.eus
INPRIMATU
Whatsapp enpresa-komunikaziorako
segurua ote?
  • Internet bidezko datuen bidalketak kontrolatzea geroz eta errazagoa bihurtzen ari da. Horregatik  mugikorreko aplikazioen bidez bidaltzen dugun informazioa neurtu egin behar dugu ondoren arazorik izan ez dezagun.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 10a

Gerard Vidal Enigmediako zuzendariak Noticias de Gipuzkoari eskeinitako elkarrizketan aipatu duenez, erabiltzaileak ez gara datuen igorpenean dauden arriskuaz jabetzen. Enigmedia enpresak modu ziur eta eraginkorrean informazioa zifratzeko aukera emateko konponbide teknologikoak garatzen ditu. Vidalek telekomunikazioek duten arriskuak ongi ezagutzen ditu: “Gaur egun edozein komunikazio mota kontrolatu daiteke”.

Enpresen telekomunikazioetan arazo handia dagoela azpimarratu du. “Enpresa batzuk geroz eta kontzienteagoak dira baina langileek telefonoak erabiltzeko dituzten moduetan arazoak sortzen dira. Norberaren mugikor pertsonala lanerako tresna bihurtzen ari da eta alderantziz, Whatsapparen bidez informazio konfidentziala igortzen da eta oso arriskutsua izan daiteke”.

Eremu batzuetan, segurtasun arloan aurrerapauso handiak eman direla ziurtatu du, esaterako banketxeen kasuan. Hala ere, komunikazio gehienetan ez dago benetako segurtasunik: “Deiak kontrolatzea oso erraza da, are gehiago internet bidezko datuen transmisioa oztopatzea”.

Aplikazio batzuek eduki dezaketen desegokitasunei buruz gehiago hausnartu behar dugula dio Vidalek: “Ez gara konturatzen mugikorrarekin jolasten ari garen bitartean datu pertsonalak bidaltzen ari garela”. Duela gutxi jakin zen Angry Birds mugikorrerako jolasa erabiltzaileak kontrolatzeko erabiltzen zela.

Eraso informatiko gehienak Txinan, Israelen, Errusian eta AEBetan gertatzen direla esan du Vidalek eta enpresa handiei geroz eta gehiago eragiten dien problema dela.