Som Escola plataforma katalanak deituta, manifestazioa egin zuten atzo Bartzelonan eta Kataluniako beste hainbat herritan, Espainiako Hezkuntza ministro José Ignacio Wert-ek aurrera eraman nahi duen erreformaren aurka protestatzeko. Som Escolak elkarretaratzean aurkeztutako eta Vilaweb gunean argitaratutako manifestuaren puntu nagusiak hona ekarri ditugu, laburtuta:
* Irakaskuntza herriaren funtsezko elementua da eta horregatik kalitatezko eskola katalan eta bidezkoaren alde dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, kohesio soziala kontuan izango duena eta bikaintasunera joko duena.
* Hizkuntzak ez dira inoiz arazo gisa hartu behar, aukera gisa baizik. Derrigorrezko ikaskuntza amaitu ostean, Kataluniako ikaslea gutxienez hiru eletan mintzatzea nahi genuke.
* Hizkuntza argudio hartuta gure ikastetxeetako ikasleak banantzea akats pedagogiko oso larria litzateke eta gizartean haustura sortzeko arrisku handia ekar lezake.
* Gure parlamentuari dagokio, dituen eskumenak aintzat hartuta, emaitza onenak lortzeko egokien iruditzen zaion hezkuntza eredua diseinatzea, eta gure gobernuari dagokio parlamentuak erabakitako legeak betearaztea. Horregatik, Somescola.cat-ek gure gobernuari eskatzen dio Kataluniako Hezkuntza Legean politika linguistikoaz esaten direnetan atzera ez egiteko.
* Wert ministroaren hezkuntza lege berrirako aurreproiektua onartezina da Kataluniarentzat, hezkuntzan kontraerreforma atzerakoia, berzentralizatzailea, bateratzailea eta alferrikakoa planteatzen duelako, eta ez dituelako ikasle katalanak prestatzen egungo erronkei aurre egiteko.
* Gure errealitaterako egokiak diren curriculumak prestatzeko aukeraren aurkako eraso globala da aurreproiektua, Kataluniako Parlamentuari kendu egiten dio hezkuntza ereduari buruz erabakitzeko ahalmena, eta ez du errespetatzen akordio politiko eta sozial zabalaren bidez parlamentuak araututakoa.
* Hizkuntza katalanarekiko Wert-ek duen obsesio gaixo eta aurre-konstituzionalaren ondorioz, "Espezialitate" kategorian ezarri nahi du katalana (atzerriko hirugarren hizkuntzaren pare), ikastetxe beraren baitan ikasleak hizkuntzaren arabera segregatzeko aukera irekitzen du eta gaztelaniaz irakasten duten ikastetxe pribatuak diruz laguntzea aurreikusten du.
* Somescola.cat-ek lege proiektua erabat arbuiatu eta egoera oso larria dela adierazi nahi du. Lehenago inoiz ez da inor saiatu 35 urtetan arrakastatsu aritu den eskola demokratiko, katalan eta bermeduna ezabatzen.
* Somescola.cat-ek elkarlanean jarraituko du, gizarte eta hezkuntza arloko jendearekin, gure eskolaren alde, gure gazteentzat eta herri osoarentzat etorkizunerako berme izan dadin.