argia.eus
INPRIMATU
Werten erreformak haserrea eragin du Euskal Herrian eta Katalunian
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2012ko abenduaren 05
Werten erreformaren inguruko bilera atzo Madrilen.

Atzo Madrilen izandako bileran Marian Ozkariz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta José Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria izan ziren. Hizkuntza propioa duten erkidegoen presioaren ondorioz, erabakian aldaketak egitera bultza dezakete Wert. Oraingoz, hizkuntza koofizialek irakasgai espezializatua izaten jarraituko dute, baina azkeneko ebaluazioan ere tokia izango dute. Beste adostasunik lortu ezean hilaren 19rako beste bilera bat antolatu dute.

Euskal Herritik erantzuna

Ezker Abertzaleak dio Madrildik erabaki nahi dutela “seme-alaben irakasgaiak zeintzuk izan behar diren” eta “curriculuma inposatu nahi dutela”. Horrekin batera, Euskal Herriko hezkuntza sistema propioa aldarrikatu zuten Ikasle Abertzaleak, LABek eta Amaiurrek.

Arantza Tapia EAJko Kongresuko bozeramaileak berriz, esan du euskara eta beste hizkuntza koofizialenganako “erasoa” dela eta hezkuntza sistema “espainolarizatzea” dutela helburua.

Gaztelania nagusi

Gaztelania bihurtuko da oinarrizko hizkuntza erkidegoetako hezkuntza sistemetan. "Beharrezko neurriak hartu behar dira ikasle guztiek gaztelania uler dezaten eta zuzen mintza daitezen, ahoz eta idatziz", adierazi du Wertek. Eraginik handiena Kataluniako murgiltze ereduan izango du, baina euskararen normalizazioari ere kalte egingo dio.

Besteak bste, Kontseiluak egindako proposamena, euskara irakats-hitzkuntza jartzea lehenesten duen Ikasle Euskaldun eleanitzak sortzen txostena, bertan behera geratuko litzateke.

Erreformarekin, Espainiako Estatuak bere gain hartuko ditu "enborreko" irakasgaiak: Gaztelania, Atzerriko hizkuntza, Matematika, Gizarte Zientziak, Natur Zientziak, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Geografia eta Historia, Filosofia eta Latina. Aldiz, erdkidegoetako gobernuek honako gaiak hartuko lituzkete beren gain: Gorputz Heziketa, Erlijioa edo ordezkoa, Artea, Musika, Teknologia, Kultura Klasikoa eta Atzerriko bigarren hizkuntza, besteak beste.

Euskara, irakasgai gisa, "espezialitatekoa" izango da, ikasleak aukeratu ahal izango du hori ikasi ala ez.

D ereduan irakasgai guztiak, gaztelania izan ezik, euskaraz ematen dira eta erreforma honekin euskarak, gaztelaniak eta ingelesak ordu kopuru bera izango dute, %20 bakoitzak.

Wertek adierazi du neurriak ez direla hizkuntza koofizialei aurka egiteko, gaztelania eskoletan “beharrezkoa” dela azpimarratuz, “diziplina” jarri nahi duela.