argia.eus
INPRIMATU
Werten erreforma “espainolizatzaile eta inposatzailearen” aurkako mobilizazioa deitu dute sindikatuek
  • Espainiako Hezkuntza ministroaren LOMCE proiektua "inposatzailea, zentralizatzailea, uniformatzailea, espainolizatzailea, atzerakoia, doktrinatzailea, segregatzailea eta elitista" dela salatu dute ELA, LAB eta EILAS sindikatuek. Hartara, haren kontrako mobilizazioa deitu dute datorren martxoaren 2rako.

Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2013ko urtarrilaren 16a
ELA, LAB eta EILAS sindikatuak hezkuntza erreformaren aurka prentsaurrekoan

ELA, LAB eta EILAS sindikatuak atzo bildu ziren Werten erreformaren inguruko balorazioa egiteko. Euskal Herriaren hezkuntza sistema propioa babestu eta haren alde egitea eskatu diete eragile eta herritarrei. Euskarari “eraso” egiten diola salatuz, erantzuna “erasoaren tamainakoa” behar lukeela gaineratu dute. Horregatik, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei ere mobilizazioan parte hartzeko eskatu diete.

Erreformari erantzun bateratua eman behar zaiola azpimarratu dute eta gainontzeko sindikatuek (CCOO, UGT) bat egitea espero dute. CCOOk duela hilabete adierazi zuen erantzun “irmoa” eman behar dela ministroaren proiektua gelditzeko.

Euskarari kalteak

Hizkuntza koofizialak kaltetuko dituen proiektua aurkeztu zuen Wertek abenduan. Gaztelania erkidegoetako hizkuntza ofiziala bihurtuko litzateke planak jarraituko balu. Euskara aukerako irakasgai izateaz gain (gaztelania eta atzerriko beste bi hizkuntzen atzetik) Kontseiluak 2008an abiatutako Euskaldun Eleanitzak sortzen proiektua deuseztatuko litzateke.