Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Legearen (LOMCE) aurka larunbatean manifestazioa egingo da Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek deituta. Erantzuna ahalik eta zabalena eta tinkoena izan dadin, siglarik eta banderarik gabeko manifestazioa izango dela adierazi dute. Ikasle Abertzaleak eta Sortzen Ikasbatuaz eragileek ere bat egin dute mobilizazioekin.
Deitzaileek azaldu dute hezkuntza sisteman ez dutela inolako murrizketarik onartuko, "ezta LOMCEk planteatzen dituen atzerapausoak ere". Erreforma "inposatzailea, zentralizatzailea, uniformizatzailea, espainolizatzailea, atzerakoia, adoktrinatzailea, segregatzailea eta elitista" dela-eta, aurre egiteko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Euskal Herriak hezkuntza sistema propioa behar duela aldarrikatu dute eta baliabide eta inbertsio gehiago eskatu dituzte hezkuntza alorrarentzat.
Larunbateko manifestazioak 17:30ean aterako dira Bilboko Jesusen Bihotza plazatik, Donostiako Bulebarretik eta Iruñeko autobus geltokitik, eta 19:00etan Gasteizko Bilbao plazatik.
Bananduta?
Joan den astean, Euskal Herriko hezkuntza eragile ugarik dokumentua sinatu zuten LOMCE legearen aurka. Bertan ziren EHIGE, BIHE, Sarean, Ikastolen Elkartea, Erkide Irakaskuntza, Sortzen-Ikasbatuaz, Kristau Eskola, Bidelagun, Ikasle Abertzaleak, EIB, Eliz Barrutiko Ikastetxeak, Ikasgiltza, Hetel, Ikaslan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Hik Hasi eta CCOO eta UGT sindikatuak. Martxoaren 2ko manifestazio deitzaileak, aldiz, ez ziren izan. ELAk esan du ez duela inongo arazorik dokumentuarekin, EILASek gaineratu du gezurra dela bi bloke daudenik, baina LABen arabera, sindikatu honek ez du bat egiten lehengo asteko agiriarekin, "irakurketa teknikoa eta partziala" delako.