argia.eus
INPRIMATU
Wednesday Silva, Oñatin bizi den ginearra: “Errefuxiatuek bizi dituzten egoerekin alderaturik, luxuzko bizitza izan dut”
  • Errefuxiatuei elkartasuna adierazteko “Inor ez da ilegala” astea, Wednesday Silva ginearraren hitzaldiarekin biribildu dute Oñatin. Antolaturiko ekintzen artean, aurkezpenak, hitzaldiak, bazkaria eta tailerrak izan dira.

Iñigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 27a
Wednesday Silva ginearraren hitzaldia Oñatiko gaztelekuan.

Wednesdayk igande arratsaldean gaztelekuan eman zuen hitzaldian, bere bizi-esperientziak partekatu eta herriko gaztetxoen jakin-nahia asetzeko parada izan zuen.

Wednesdayk hamaika urterekin utzi zuen bere familia Ginea Bissaun, Kubara joan eta ikasteko aukera bat izateko. Hamasei urtez bertako barnetegi batean izan ostean, Coimbrara (Portugal) egin zuen jauzia. Bertan, bi oñatiar ezagutu eta ikasketekin Mondragon Unibertsitatean jarraitzeko baimena eskatu zuen.

Oñatin bizitzen hamabi urte daramatza dagoeneko eta erabat gizarteraturik dago herrian. Lagun-talde propioa du eta euskaraz ederki moldatzen da. Hamaika urtetatik gurasoak ez ditu ikusi eta aitaren heriotzaren berri lau hilabete beranduago gutun bidez izan zuela aipatu zuen. Hala ere, errefuxiatuek bizi dituzten egoerekin alderaturik, “luxuzko” bizitza izan duela azpimarratu zuen.

Hitzaldiaren amaieran, bertaraturiko gaztetxoek pinturazko tatuajeak egiteko aukera izan zuten, Henna tailerrean.

Larunbatean bestalde, jatorri anitzetako pertsonen testigantzak entzun eta beren jaioterriak ezagutzeko aurkezpenak egin zituzten. Ondoren, etorkinek eta Oñatiko herritarrek bazkaria egin zuten gaztetxean.

Sabela ederki bete bazuten ere, Marokoko bizkotxoa egiten ikasteko tailerra antolatu zuten bazkalosterako.

Argazki gehiago (Oñatiko Antixena Gaztetxea):