argia.eus
INPRIMATU
Webguneak euskaratuko dituzte Errigorako ekoizleek
  • Errigoran parte hartzen duten hamabost ekoizleek beren webguneak euskaratzera konprometitu dira Iruñeko Kondestablearen jauregian egindako prentsaurrekoan.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 11
Errigoran parte hartzen duten hamabost ekoizleek beren webguneak euskaratzera konprometitu dira Iruñeko Kondestablearen jauregian egindako prentsaurrekoan. Argazkia: Errigora

“Taldean indartsuago garelako, ingurumena babesten lagundu digulako, eta elikadura burujabetzaren bidean aurrea egiten lagunduko digulako elkartu ginen”. Veronica Etxeberria ekoizleak hartu du hitza prentsaurrekoan:

Beren produktuak erosten dituzten kontsumitzaileen komunitate “bizi, konprometitu eta arduratsua” dutela azaldu du, “euskaraz mintzo” dena. Horregatik, ekoizleen webguneak euskaratuko dituzte eta beren produktuei buruzko informazioa bilatu nahi duen edonork izango du euskaraz egiteko aukera.

AEKren, Sortzenen eta Ikastolen Elkartearen ordezkariak ere izan dira agerraldian. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko zuzendariak azaldu duenez, euskararen egoera larria da Nafarroa hegoaldean eta  gorputz juridiko egokirik gabe jarraitzen du. 

Tellituk adierazi du Errigoraren kanpainetako ekarpen ekonomikoa oso laguntza preziatua dela Nafarroa hegoaldeko euskalgintzaren behar ekonomikoei aurre egin ahal izateko. 

Ikastolen Elkarteko zuzendariak euskara normalizatzeko “ezinbestekotzat” jo du askotariko elkarte eta erakundeen arteko lankidetza, eta kanpaina hori jarri du horren adibidetzat. 

Kontserba-loteen kanpaina abian

Errigorak abian jarri du Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainako kontserba-loteen kanpaina. Maiatzaren 12tik 24ra eskatu ahal izango dira Euskal Herriko 65 herritan edo errigora.eus webgunearen bidez.

Zazpi ekoizlek hartu dute parte kanpainan eta beste horrenbeste lote izango dira aukeran: zainzuriak, potxak, orburuak, barazki-menestra, pikillo piperrak, kremak eta tomate frijitua.