argia.eus
INPRIMATU
Washingtongo enbaxadatik harago: lau gako Kuba-AEB harremanen egoera ulertzeko
  • Astelehenean Kubako enbaxada berria zabaldu dute Washingtonen. 1959ko Kubako iraultzatik, irlak ez zeukan bulego diplomatikorik AEBetan.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko uztailaren 22a
Raul Castrok eta Barack Obamak Kuba-AEB harremanak leundu dituzte, oraindik konpondu gabeko aferak geratzen diren arren (argazkia: Telesur).

1. Gaur zuk, bihar nik

Abuztuaren 14an John Kerry AEBtako Estatu idazkariak bisita egingo du Habanara, bertan AEBek irekitzekoa baitute beraien enbaxada. 1961etik itxita egon da enbaxada hori irlan, bi herrialdeen arteko harremana momentu txarrenean zegoenean, Fidel Castro buru zuen gobernuak eraikina konfiskatzeko asmoa ere agertu zuen.  

2. Hitz egin dezagun diruaz

Bruno Rodriguez Kubako atzerri ministroak esan du AEBekin “elkarlan zibilizatuan” sinesten duela. Hala ere, Washingtondik herrialde kubatarrarentzat “miseria“ besterik ekarri ez duen blokeo finantzario eta komertziala –1962tik indarrean dagoena– bertan behera utzi behar dela ere adierazi zuen. 

Ildo beretik joan ziren Raul Castro Kubako presidentearen adierazpenak: Castrok esan zuen bere gobernuak bi herrialdeen arteko erlazioen normalizazioan aurrera egin nahi duela. Hala ere ezinbestekotzat jo du blokeoa bertan behera gelditzeko neurriak hartzea.

3. Guantanamera

Blokeaoa ez da bi herrialdeen erlazioak normalizatu ahal izateko Kubak AEBei egiten dien eskari bakarra. Estatubatuarrek ilegalki okupatutako Guantanamoko base militarra bueltatu beharko lukete, baita Kubako irrati eta telebisten transmisio ilegalekin amaitu ere. 

4. Telefono gorrietatik telefono mugikorretara

Joan den otsailean bi herrialdeen arteko telekomunikazio sarea ireki zen. IDT Corp telekomunikazio enpresa estatubatuarrak ETECSArekin –Kubako telekomunikazio enpresa– egindako akordioaren ondorioz Kuba eta AEBen artean bitartekorik gabeko deiak egin daitezke.

Horrez gain, hitzarmenak aukera ematen die AEBetako enpresei Kuban komunikazio gailuak saltzeko baita bertako interneteko azpiegitura berritzeko ere.