argia.eus
INPRIMATU
Zer gertatu da Nafarroan, Madrilek BEZaren 1.513 milioi euro eskatzeko?
  • Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaria Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko Ogasun ministroarekin bildu zen asteartean Madrilen eta bileraren ondorioak lurrikara ekarri du Nafarroara. Madrilgo Gobernuak Nafarroako hainbat legeren aurka jarritako helegiteak –hamar bat dira Konstituzio Auzitegian– bertan behera uzteko eskatzera joan zen Barcina eta beste helegite bat esku artean duela itzuli da: Madrilen ustez, Nafarroako Ogasunak 1.513 milioi euro ordaindu behar dizkio.

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko irailaren 17a
Asteartean bildu ziren Madrilen Cristobal Montoro eta Yolanda Barcina (argazkia: Diario de Noticias).

Auzia 2012tik dator, urte hartan Volkswagenek erabaki zuen esportaziorako autoak zuzenean salduko zirela atzerrira beren ekoizpen zentroetatik, kasu honetan Nafarroatik. Ordura arte, egoitza Bartzelonan zuen Vaesa filialaren bidez egiten zituen autoen salmentak Nafarroako Volkswagenek. Horrek esan nahi du Nafarroako Gobernuak Volkswagenettik zegokion BEZa kobratzen zuela, baina BEZaren itzultzea Estatuko Zerga Ogasunaren bidez egiten zela, salmenta Bartzelonatik egiten zelako.

Aldaketa honek buruhaustea ekarri zion Nafarroari, aurrerantzean berak ordaindu beharko baitzion BEZaren itzulketa Volkswageni, urtero 200 eta 400 milioi euro artean. Horrek Nafarroako Gobernuaren diru kontuetan sekulako hondamena eragingo zuenez, Madrilgo eta Iruñeko Gobernuek adostu zuten 2012tik aurrera urtero 25 milioi euroko ordainketa egingo zela. Ez zen argi geratu, dena den, zer gertatzen zen 2007-2012ko urte garaiko doiketarekin (aurreko urteetakoa preskribitua geratu zen). Hori da orain Espainiako Gobernuak Auzitegi Gorenaren bidez Nafarroakoari erreklamatzen diona, bost urte horietako kitapena.

Barcina eta Montoro berriz bilduko dira 30ean

Barcina lehendakariak bilera gogorra izan zela esan zuen Nafarroara itzuli zenean eta helegite hau ere erretiratzea eskatu zion Montorori, baina honek hori bere esku ez zegoela erantzun zion. Irailaren 30ean beste bilera bat dute bi gobernuek Iruñean eta orduan saiatuko dira arazoa behin-betiko bideratzen. Ekonomi Hitzarmenean arbitro lanak egiten dituen batzordeak alde bientzat egokiena izan daitekeen irtenbidea hautatzea proposatzen du Barcinak eta helegitea erretiratzea.

Bitartean Nafarroako gune politiko eta ekonomikoetan urduritasuna zabaldu da, Espainiako Gobernuak erreklamatzen dituen 1.513 milioi horiek Nafarroako BPGren ia %10 suposatzen duelako. Esaterako, Nafarroako Gobernuaren hezkuntza aurrekontua 500 milioi euro ingurukoa da urtero.

Nafarroako oposizioko alderdiek oso gogor kritikatu dute UPNren Gobernuak gaia nola eraman duen, bereziki Madrilgo Gobernuaren helegiteen aurrean erakusten ari den otzantasuna.  Ika-mika hauek guztiak helegite eta negoziazio testuinguru berezian ematen ari dira, besteak beste, aurten negoziatzen delako Ekonomi Hitzarmen berria Madrilekin. Hitzarmena bost urtean behin negoziatzen da eta oraingoa 2010-2014 garaikoa da. Horrez gain, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Madrilek jarritako hamarren bat legeen helegiteez ebatzi behar du oraindik.  

Informazio gehiago:

Fernando de la Hucha Finantza eta Zerga Zuzenbideko katedradunak 2012an azaldu zuen Volkswagenen BEZaren auzia. Zabaltzen.net webgunean irakur daiteke (gaztelaniaz).