argia.eus
INPRIMATU
Voxen zerrendetan joandako PPko zinegotziaren babesa behar du EAJk Kuartangon alkatetza kentzeko EH Bilduri
  • EH Bilduk irabazi ditu Kuartangoko Udalerako hauteskundeak, baina EAJrentzat izango da alkatetza, PPrekin hitzartua baitu. PPtik hautatu zuten zinegotziak, baina, postuari uko egin dio arrazoi pertsonalengatik, eta bere ordezkoa –PPko zerrendan bigarrena– Juan Pablo Galán da, Vox alderditik Arabako senatura aurkeztu zena 2019an.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 14a

EH Bilduk irabazi zuen Kuartangon, 109 boto eta hiru zinegotzi lortuta azken udal hauteskundeetan; 99 boto eta beste hiru zinegotzi EAJk. Udalbatzako zazpigarren eserlekua PPk du, herritarren 32 boto jasota, eta funtsezko rola jokatuko du datorren larunbateko plenoan, alkatetza erabakitzeko. EH Bildu da zerrenda bozkatuena, baina PPk EAJk aurkeztuko duen hautagaitzaren alde bozkatuko du, 2019an egin zuen moduan, jeltzaleek lor dezaten alkatetza eta ez EH Bilduk.

Ana Salazar da PPren zerrendaburua Kuartangon, baina arrazoi pertsonalengatik uko egingo dio zinegotzi izateari, eta beraz, zerrendan bigarrenak ordezkatuko du: Juan Pablo Galán. Hautsak harrotu ditu horrek, jakinik ultraeskuinaren ordezkari izan zela Galán duela lau urte, Arabako senaturako zerrendetan.

Miren Meabe Carro da EAJk alkate izateko aurkeztu duen zerrendaburua Kuartangon. EH Bilduk aldiz, Amaia Ruiz de Zarate du alkategai.