argia.eus
INPRIMATU
Voxen diskurtso xenofoboa geldiarazteko protokolo bat sortu nahi du Nafarroako Parlamentuak
  • Eskuin muturraren “diskurtso guztiz arrazisten”arriskuaz ohartarazi du Unai Hualde presidenteak. Bere aburuz, erakundeak giza eskubideak urratzen dituzten jokaerak ekidin behar ditu.

Juan Kruz Lakasta Zubero Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko azaroaren 16a

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek idazki bat erregistratu du, asteleheneko Mahai eta Eledunen Batzarrean azter dezaten. Horretan “berehalako aholkularitza eta sustengua” eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari, protokolo bat prestatu ahal izateko, “diskurtso arrazistak eta xenofoboak ekiditeko”.

Hamargarren legealdi honetan lehendabizikoz iritsi da foru parlamentura Vox. Berrogeita hamar parlamentarietatik bi dauzka. Hualderen arabera, eskuin muturreko alderdiarekin batera “diskurtso guztiz zabar eta guztiz arrazista eta xenofoboak” sartu dira legebiltzarrera.

Joan den osteguneko osoko bilkuran, Voxeko parlamentari Emilio Jimenezek sekulakoak eta bi esan zituen pertsona migratzaileen aurka: migratzaileek “ateak zabalik eta dena doan dute” nafar herritarrak “pobreziaren mugan” dauden bitartean; inmigrazioak segurtasunik eza dakar; migratzaileen kontrolik ezak yihadista asko dakartza.

Hualderen ekimena aitzindaria da, eta gobernua sostengatzen duen gehiengo parlamentarioaren babesa dauka. Hualderen arabera, “Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoko herritarren borondatea ordezkatzen du, eta, gauzak horrela, bizikidetzan zein giza eskubideekiko errespetuan eredua izan behar du”.