argia.eus
INPRIMATU
Voxen agerraldian, herritarren aurka kargatu eta pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak Bilbon
  • Alderdi faxistari gaitzespena agertzera gerturatutako herritarrei oldartu egin zaie Ertzaintza, gazte bat atxilotuz. Larunbat goizaldean aske geratu da atxilotua.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko ekainaren 20a

Vox alderdi faxistak hauteskunde ekitaldia egin zuen ostiralean Bilbon. San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan hogei bat herritarrei mintzatu zitzaizkien Javier Ortega Smith Voxeko idazkari nagusia eta alderdiak Bizkaian duen hautagai Niko Gutierrez. Txistu, oihu eta lapiko hots artean egin zuten mitina, inguruetan herritar andana bildu baitzen faxistei gaitzespena agertzera.

Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren artean polizia dispositibo handia hedatu zuten auzoan barrena. Agenteek Voxen agerraldiaren aurrean protesta egitera hurbildutako jendeari ez zioten utzi mitina burutzen ari zen eremura sartzen, eta Ertzaintza herritarrei oldartu zitzaien, kargak burutzeraino. Poliziaren eta herritarren artean sortutako istiluetan 22 urteko gazte bat atxilotu zuten autoritateari atentatua egitea leporatuta; larunbat goizaldean utzi dute aske.

Voxeko kideak poliziak inguratuta atera ziren San Frantziskotik.

Sare Antifaxistak Voxen agerraldia “probokaziotzat” jo du, ostiralean bete baitziren 83 urte tropa frankistek Bilbo babesten zuen Burdinazko Harresia gainditu eta hiria hartu zutenetik.