“Eta, zer giro sumatzen duzu ostegunari begira?”, galdetu nion A30eko grebaren antolakuntzan ari zen militante feministari. “Egia esan, burua ikastetxeko gatazka batean izan dut azkenaldian”, erantzun zidan larritasun aurpegiarekin.
Vox alderdiaren Solidaridad sindikatuak greba orokorrera deitu zuen A24an, PSOEk alderdi politiko katalanekin adostutako Amnistia Legearen aurkako Madrileko protesten testuinguruan: “Irmo arbuiatzeko murrizketa sozialak, lan-eskubideen ezabatzea eta langileen arteko desberdintasun politikak, gertatuko direnak separatismoari eta Espainiaren batasuna hautsi nahi dutenei egindako kontzesioen babesean”. Greba horrekin bat egitekoa zen nire solaskidearen ikastetxeko geletako bat. Eta hor ari ziren irakasleak, ikasleekin hizketan, atzera egin zezaten konbentzitu nahian, greba horrek eta eskuin muturrak langileen eskubideen babesarekin zerikusirik ez zutela ulertarazi nahian. “Ezin duzu imajinatu zein muturreko jarrera duten euskararen eta gizarte prestazioen aurka”, azaldu zidan asaldatuta.
"Gazte horiek eskuin muturra dute jarrera ‘anti-sistema’ren erreferentzia gisa, ez ezkerra. Zergatik?"
Horrek guztiak adierazten zuenaz hausnartzen aritu ginen minutu batzuez. Eskuin muturrak bere mezu eta baloreak jendartean zabaltzeko duen gaitasun handia, gazteen kasuan bereziki sare sozialen bidez. Askotan errepikatzen dugunaren aurka, ‘Espainian ez bezala’ Hego Euskal Herrian eskuin muturreko birusetik libre garen uste ustela, eta adi egon beharra. Eta, batez ere, ezkerraren gabeziak uzten dituela agerian.
Gazte horiek sistemarekiko aurkakotasun batetik eta gauzak aldatu nahitik ari ziren pentsatzen eskuin muturraren grebarekin bat egitea, beren burua eskuin muturrekotzat izan gabe ere. Eskuin muturra dute jarrera ‘anti-sistema’ren erreferentzia gisa, ez ezkerra. Zergatik? Akaso, batetik, eskuin muturra mezu anti-sistemak baliatzen eta eskuin klasikoa demokrazia formalaren oinarriak auzitan jartzen ari den garaiotan, ezker parlamentariak ‘demokraziaren’ eta ‘ongizate estatuaren’ apurrak salbatzeko ahaleginean jartzen duelako indarra, horien aurreko alternatibetan baino. Eta, bestetik, posizio eta planteamendu erradikalagoak edo egiazki anti-sistemak dituzten sektore ezkertiarrek ez dutelako irismen nahikorik herritar ‘arrunt’ gehienengana heltzeko.
Pentsatu dezagun arrazoiak horiek edo beste batzuk diren, baina, batez ere, indartu ditzagun espazio, iruditeria, alternatiba antikapitalista, antipatriarkal, antikolonialak, nork egokien deritzon lubakitik. Bestela, dagoen eta areagotuko den haserre, beldur eta ziurgabetasunaren aurrean, herritarren gehiengoak eskuinera begiratzen jarraituko du erantzun eta babes bila, nola Espainian, Europan edo Argentinan, hala Euskal Herrian. Eta ezkerrean eskuineko markoak barneratzen jarraituko dugu, indar grabitatorio nagusiak erakarrita.