Unai Paroten egoera salatzeko, 31 kilometroko mobilizazioa egin behar zuen Sarek Arrasaten, larunbat honetan. Baina bertan behera utzi zuen VOXekin eta PPrekin liskarrak ekiditeko. Horren ordez, elkarretaratzea egin dute asteburuan herriko plazan. Alderdi ultraeskuindarra leku berean bildu da, eta liskarrak egon dira.
Sarek irailaren 17an jakinarazi zuen Arrasaten (Gipuzkoa) larunbaterako deitutako martxa bertan behera utziko zuela. "Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea" leloa zuen mobilizazioak, eta presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea eskatzeko mobilizazioa izan behar zen: Unai Parot euskal presoaren salbuespeneko egoera amaitzea eskatzeko, 31 kilometroko ibilbidea zuten prestatuta. Audientzia Nazionalak martxa ahalbidetu bazuen ere, VOXek eta PPk gogor egin zuten horren aurka. "Liskarra nahi dutenei aukera ez emateko", Sarek baztertu egin zuen mobilizazioa.
Manifestazioaren ordez, larunbatean, elkarretaratzeak egin dira Euskal Herriko hainbat gunetan. Arrasaten, Herriko plazan bildu dira “Faxismoaren aurrean, antolakuntza eta borroka” lemarekin. VOXek eta PPk, berriz, kontrakotasun osoa adierazi nahi izan dute, eta elkarretaratze paraleloak egin dituzte herrian. Voces contra el Terrorismo elkarteak deituta, VOXeko Santiago Abascal, Javier Ortega Smith eta Macarena Olona alderdiko kideak eta hainbat biktima bildu dira plazan.
Zauritu bat
Tentsioa areagotu egin da bi aldeen artean, eta antifaxistak Arrasatera heltzeko autobusetarantz zihoazela, Ertzaintzak kargak egin ditu. Adin nagusiko gizon bati buruan zauria egin diote, eta ospitalera eraman behar izan dute, Noticias de Gipuzcoa hedabideak zabaldu duenez.
Igandeko mobilizazioa
Igandean, Gora Arrasate! ekimenak beste elkarretaratze bat egin du, VOX alderdiak izan duen “probokazio” jarrera salatzeko. Bestalde, datorren iganderako deitu dute hurrengo bilkura. Tropa frankistak Debagoienara iritsi ziren 85. urteurrena izango da asteburuan, eta eguerdiko hamabietan, biktimak omentzeko ekitaldia antolatu du Intxorta Kultur Elkarteak bailarako Udalekin, Aldundiarekin eta Gogora institutuarekin batera.