Vox alderdiak ostegunean ekitaldi politikoa egin du Iruñeko Iruña Park hotelean. Uxue Barkos eta Joseba Asiron maiatzaren 26tik aurrera ez direla Nafarroako eta Iruñeko buruzagi izanen, esan du Santiago Abascalek ehunka pertsonen aurrean.
Vox Nafarroa espainiar batentzako tresna izanen da. Hala ekin zuen ekitaldi politikoa Santiago Abascalek. "Vox izanen da giltzarri nazionalismoa, filoterrorismoa eta populismoa erakundeetatik botatzeko", adierazi du. 1.300 pertsona batu dira Iruña Park hotelean Vox-en ekitaldia jarraitzera. Iluntzean egin zuten ekitaldia eta ordu batzuk lehenago poliziek hartua zuten hotelaren ingurua. Kazetariek hamabost egun lehenago akreditatu behar izan zuten eta ekitaldian bertan ezin izan zuten komunera ere bakarrik joan.
Nafarroa "larrialdi" egoeran dago inoiz ez bezala erori delako "nazionalisten" eskuetan. "Espainia bereizi nahi dutenak erakundeetatik baztertzera etorri da Vox. Nafarroa Nafarroa da. Ez da Euskadi. Espainia da.", nabarmendu zuen Abascalek. Ignacio Garriga Espainiako Vox alderdi ultraeskuineko bozeramaleak ere hartu zuen hitza: "Uxue Barkos eta Joseba Asiron, jakizue ez zaituztegula nahi eta maiatzaren 26an agur esanen dizuegu".
Artikulu hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.