argia.eus
INPRIMATU
Vox-en ekitaldien aurka mobilizatu dira Iruñean, Gasteizen eta Irunen
  • Iruñean eta Gasteizen izan da Santiago Abascal, eta bertaratu direnek faxistak kanpora edota faxismoaren aurrean, langile antolakuntza gisako oihuak egin dituzte. Irungo ekitaldiaren aurka egin dutenak identifikatu eta miatu ditu Ertzaintzak.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 15a
Dozenaka lagun elkartu dira Gasteizen, Vox-en ekitaldiaren aurka. (Argazkia: El Correo)

Iruñean, Gasteizen eta Irunen ekitaldiak egin ditu Vox alderdi ultraeskuindarrak asteburuan, eta horien aurka mobilizatu dira hiru hirietan.

Larunbatean izan dira Gasteizko eta Irungo ekitaldiak. Gasteizen NH Canciller Ayala hotelean izan da, eta, besteak beste, Santiago Abascal Voxeko presidentea izan da bertan. Ekitaldiaren aurka, Faxistak kanpora lelopean dozenaka gazte elkartu dira hotelaren aurrean. Faxistak kanpora, NH faxista y cómplice eta Faxismoaren aurrean, langile antolakuntza gisako oihuak egin dituzte.

Hala Bedik jaso duenez, ekitaldia hasi aurretik Udaltzaingoak moztua zuen Ramón y Cajal kalea, eta Ertzaintza ere bertaratu da. Mitina bukatu ondoren, barruan egondako zenbait pertsonak kanpoan zeudenak probokatzen saiatu dira, keinuak eginez eta "Viva España" gisako oihuak botata. Tentsioa egon da Ertzaintzaren eta protesta egin dutenen artean, baina ez da istilurik izan.

Irunen, identifikazioak eta miaketak

Irunen, berriz, 12:00etarako zuten hitzordua jarrita Alberto Anguera plazan, baina ordubete lehenagorako ekitaldiaren aurka bertaratutakoak identifikatu eta miatu ditu Ertzaintzak. Gedarrek jaso duenez, Voxeko kideek plazatik alde egin dute.

Iruñeko ekitaldia igandean izan da, eta bertan ere izan da Abascal. NH Iruña Park hotelean egin dute hitzordua, eta haren aurka elkarretaratzea egin dute Faxismoaren aurrean, antolakuntza komunista lelopean.

Bilbon, asteartean egingo du ekitaldia alderdi ultraeskuindarrak. Ercilla hotelean izango da, 18:30ean, eta bertan izango da Jorge Buxadé Vox-eko eurodiputatua eta Acción Políticako presidenteordea.