Asteazken arratsaldean Vox espainiar alderdi ultraeskuindarrak ekitaldia egingo du Oñatin, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen testuinguruan, eta mugimendu antifaxistak elkarretaratzeko deia luzatu du.
Euskal Herrian hainbat hiri, herri eta auzotan agertu dira Voxeko kideak, eta askok probokazio hutsa dela iritzita "faxismoa borrokatzeko" deia luzatu dute. Zenbaitetan istiluak ere izan dira, azkena Donostiako Loiola auzoan, Ertzaintza herritarren kontra oldartu zen larunbatean eta bi pertsona atxilotu zituen.
Atzean ibilbide hori izanik ere, Bergarako Zonaldeko Hauteskunde Batzordeko presidenteak baimena eman dio alderdi ultraeskuindarrari Oñatiko Foruen Enparantzako frontoian ekitaldia egiteko asteazkenean, 18:30etik 20:30era, nahiz eta eskaria Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeen Legeak dioen epetik kanpo egina izan.
Macarena Olona Voxek Espainiako kongresuan duen taldeko bozeramaileak, Oñatin egin ohi den umorezko Fan Hemendik egunarekin lotu du ekitaldia, esanez guardia zibilei "urtero eskratxe bat" egiten zaiela eta "koldarrei aurre egiten" egongo direla herrian.
Gainera, bere esanetan, 2017an agente armatuak kereila bat sartzekotan izan ziren haien kontrako "gorroto delituagatik", baina azken momentuan "agintari politikoek" geldiarazi omen zuten, beti ere Olonaren arabera. Argazkia ere argitaratu du Twitterren, Oñatiko koartelean, espainiar bandera ondoan eta Guardia Zibilaren elastikoa jantzita.
Cada año se organiza un escrache a la @guardiacivil y sus familias en Oñate. Este miércoles, a las 19.00 horas, estaremos allí @Ortega_Smith y yo. Haciendo frente a los cobardes. #AldeHemendik🤡 pic.twitter.com/p0rjoQCdMU
— Macarena Olona (@Macarena_Olona) July 5, 2020
Elkarretaratze antifaxista
Vox-en ekitaldiari erantzuteko elkarretaratzea deitu du Sare Antifaxistak Oñatiko plazan 18:45ean. Azaldu duenez "protesta egitea ez da mehatxua, baizik eta demokraziaren parte bat" eta argi utzi nahi izan du: "Faxismoaren aurka protestatzea ez da delitua". Ikurrinak, banderolak eta zarata egiteko tresnak eramateko eskatu diete herritarrei.