argia.eus
INPRIMATU
Volvok bertan behera utzi du Altsasuko Sunsundeguin egin behar zuen inbertsio erraldoia
  • 2023ko maiatzean iragarri zuten Volvo multinazionalak inbertsio handia egingo zuela Nafarroako Sakanako autobus enpresan. Orain, ordea, akordioa bertan behera gelditu dela adierazi dute bi enpresek.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko uztailaren 04a
Argazkia: Sunsundegui

Iazko maiatzean iragarri eta urrian sinatu zuten Volvok eta Sunsundeguik aurreakordioa. Sinatutakoaren arabera, Sakanan urtean 420 autobus karrozeria muntatu behar zituzten Volvorentzat eta guztira 800 bat ekoitziko ziren lantegian. 2024ko apirilean hastekoa zen lehen txasisen ekoizpena.

Albistea ezustekoa izan da, besteak beste, iragan maiatzean Volvoko arduradunak Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivite eta Mikel Irujo kontseilariarekin bildu zirelako Nafarroako Jauregian, eta operazioaren egoera onaz mintzatu zirelako. Sindikatuen artean UGT da nagusi enpresan eta haren industria arloko arduradun Lorenzo Riosek ere horrela idazten zuen iritzi-artikulu batean iragan abenduan: "Legebiltzarraren sostenguak eta finantza sostenguak ageriak uzten dute proiektu honen sendotasuna, eta hori aukera bat da bai enpresarentzat, bai erkidego osoarentzat".

Finantza zailtasunak

Diario de Navarra-k jakinarazi duenez, Volvok baietsi egin dio operazioa bertan behera gelditzen dela eta arrazoien oinarrian proiektuak dirutan eta denboran eskatzen dituen inbertsio handiak jarri ditu. Horrek ez ei du elkarlan proiektua bideragarria egiten.

Mikel Irujo kontseilariak ere norabide bereko azalpenak eman ditu aste honetan Sunsundeguiko arduradunekin hitz egin ondoren. Volvoren finantza egoera zaila dela dio Irujok eta enpresaren inbertsio ahalmena ikusita, 9.700 eta 9.900 autobus karrozerien ekoizpena bertan behera utzi dutela.

Sunsundeguik eta Volvok iragarri dutenez, dena den, proiektu hau bertan behera geratuko bada ere, bien arteko elkarlanak aurrera jarraituko du. Altsasuko enpresak muntaia katean arazoak izan zituen 2023an eta 2024ko lehen hilabeteetan, baina dagoeneko konponduta zeuden Diario de Noticias-ek jakinarazi duenaren arabera, eta gaur egun sei autobus txasis ekoizten dituzte astero.

57 milioi euro mailegutan

Finantza zailtasunak, dena den, ez dira berriak Sunsundeguin. Azken urte luzeetan Sodena sozietate publikoak 49 milioi euroko maileguak eman dizkio, azken seiak iragan apirilean, Nafarroako Legebiltzarrak berariaz baimenduta, gainera. Espainiako Cofides sozietate publikoak, halaber, bederatzi milioi euro eman izan dizkio mailegutan.

Sunsundegi 1944an sortu zen Irunen eta 1956an lekualdatu zen Altsasura, gaur egun 450 bat langile ditu –beste 400 izatea aurreikusten zen porrot egin duen akordioarekin– eta mende honetako lehen hamarkadan estutasun handiak pasatu zituen. Ondorioz, Wikipedian azaltzen denez, 2009an Nafarroako Gobernuak lantegiaren kudeaketa bere gain hartu zuen, Sodenaren bitartez. 2012an enpresako zuzendaritzak hartu zuen kapitalaren erdia (%51) eta langileek beste erdia (%49).