Saltzaileen harremanak errazteko egin zuen 280 orriko gramatika eta hiztegia. Donibane Lohizune eta Ziburuko lapurteran idatzita dago.
Bilketa atariak eman du albistearen berri. 1620an Frantziako Lionen inprimatutako lan osoa sarean ikus daiteke. Obraren ale bakarra ezagutzen da eta Bordeleko liburutegian dago.
Voltoire XVII. mendeko autore gaskoia da eta hizkuntza, idazkera eta aritmetikako irakaslea izan zen Frantziako hegoaldean.
L’interprect ou Traduction du François Espagnol & Basque du obrak izenburu eta dirudienez autoreak bi helburu zituen. Batetik, saltzaileen arteko harremanak erraztea, eta bestetik, hizkuntza zientzia gisa hobetzea.
Obrak bi zati ditu: gramatika eta elkarrizketak. Gramatika eta hiztegiaren atalean adberbioak, lokailu eta izenordainak eta aditz jokoak daude hiru hizkuntzetan. Beste 80 orritan frantsesa-euskara hiztegia ageri da, gaztelania albo batera utzita. Elkarrizketetan ageri den gai nagusia merkataritza da eta hainbat atsotitz erabili ditu Voltoirek. Atsotitzok ez dira euskal jatorrikoak, frantsesekoak euskarara ekarriak baizik.