Volkswagen eskandaluak Europako Batzordea kutsatu du. Janez Potocnik Ingurumen komisarioak Batzordeko kideak ohartarazi zituen VWek bere autoen kutsadurarekin egiten zuen manipulazioaz, 2013an jakinarazi zion Antonio Tajaniri Industria komisarioari, baina ez honek erantzun zion eta ez EBk hartu zuen neurririk.
Financial Timesek zabaldu duenez, Potocnickek 2013ko otsailean jakinarazi zion Tajaniri Ingurumen sailean kezka handia zegoela frogatu zelako VWen motorrek laborategiko testetan emaitza batzuk eman arren, gero laborategitik kanpo -esan nahi baita errepidean, eguneroko funtzionamenduan- askoz kutsadura handiagoa sortzen zutela.
Potocnicek Tajaniri esan zion Ingurumen saila eta pertsonalki bera ere konpromiso zailean aurkitzen zirela sarritan, bai Batzordeak eta bai Europako estatuek konponduta eduki behar zuten arazoa konpondu gabe egotea defenditzera behartuta.
Financial Timesek altxaturik erbia, alegia, VWek goren mailako agintari europarren jakinaren gainean egin duela urteotan iruzurra, Europar Batasunak erantzun du aspalditik zela ezaguna frogen arteko kontraesan hori, Batzordeak bere urteroko dossierretan jaso izan duela eta Internetez ikusgai dagoela. Aldiz, ez du esplikatu eskandalua agintarien artean hain ezaguna baldin bazen nola baimendu zaion Volkswageni neurririk hartu gabe jarraitzea.
Berlusconiren Forza Italiako kide Antonio Tajani azken hauteskundeen ondoren Europako Legebiltzarreko lehendakariorde da. Aldiz, Janez Potocnik Europak Batzordetik “erori” zen azken hauteskundeen ondoren -gaur Eslovenian Europarako minstroa da- eta berarekin batera erori zen Ekonomia Zirkularraren pakete osoa ere; agintari berriek argudiatu izan dute proiektua hobetzeko asmoa omen daukatela. Hondakinen gaian Potocknikek bere aginte aldian defenditu zuen oraingo komisario berriak erakutsi duena baino hautu aurrerazaleagoa.