argia.eus
INPRIMATU
Volkswagen-en inbertsioak, kolokan
  • Matthias Müller Volkswageneko presidenteak iragarri duenez, “funtsezkoak ez diren” inbertsioak eten edo atzeratu eginen dituzte. Nafarroako Landabenen 900 milioi eurotako inbertsioa dute aurreikusia.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 07a
Volswageneko presidente Matthias Müllerrek garai gogorrak iragarri ditu

Isurien eskandaluaren ondorioz VW enpresak burtsan zuen balioa %30 jaitsi ostean hartuko dute neurria. Egoeraren larritasuna ikusirik, auto konpainiako burua garbi mintzatu da: “Oso mingarria izango da. Krisi hau kudeatzeko, asko aurreztu beharko dugu”.  Müllerrek enpresako langileei adierazi dienez, Martin Winterkorn presidente ohiak proposaturiko efizientzia plana berregokitu eginen dute.

Edonola ere, enpresaren helburua “kalitatezko” lanpostuak bermatzen jarraitzea dela azpimarratu du. Ildo beretik mintzatu da Volkswageneko enpresa komiteko lehendakari Bernd Osterloh. Osterlohen esanetan, isurketan neurketak manipulatzeak sorturiko eskandaluak ez du, “momentuz”,  ondorio ezkorrik izango enpresako lanpostuetan.

Landabenen 900 milioi euro

Müllerren iragarpenak arriskuan jar lezake Landabengo lantegian egindako 900 milioi euroko inbertsioa. Inbertsio honek datozen urteei begira enplegua ziurtatzeko balioko luke, baina ez dago garbi Alemaniatik funtsezko inbertsio edota bigarren mailako lez kontsideratuko duten.

Nafarroako Volkswageneko komite-burua den Alfredo Morales lasai agertu da multinazionaleko presidentearen hitzen aurrean. Moralesen arabera, Landabengo lantegiko inbertsio eta lanpostu guztiek “bere horretan” jarraituko dute. “Enpresaren batek bideragarritasuna erakutsi badu, hori Nafarroako Volkswagen da. Beraz, lasai egoteko arrazoiak ditugu”, gaineratu du.

LAB sindikatuak, bere aldetik, sindikatuen eta Landabengo zuzendaritzaren arteko bilera urgente bat egitea eskatu du. Sindikatutik azpimarratu dute diesel motorren manipulazioaren inguruko berriak prentsaren bidez jaso dituztela. Horrela, aipatu bilerarekin zuzendaritzak gertaturikoaren inguruan esateko duena jakin nahiko lukete. “Onartezina litzateke Volkswageneko zuzendaritzak eginiko bekatuen pisua gure gain erortzea”, gaineratu dute.

Europar Batzordeari zuzenduriko sinadura bilketa

Change.org atarian Europar Batzordeari zuzenduriko sinadura bilketa bati ekin diote. Ekimenaren xedea erakunde horrek “Dieselgate” deritzon kasuaren inguruan azterketa abiatzea da. Sinadura bilketa hasi duen Florent Marcellesik esan duenez, Volkswagenen kasua icebergaren tontorra baino ez da: “Eskandalua argitara atera, eta kezka zabaldu da autogintza enpresa gehienetan. Izan ere, diesel motorra darabilten autoen 10etik batek baimendutako isuri kopurua gainditzen du”.

Marcellesiren esanetan, auto konpainiek urte hauetan guztietan egindako “amarruen” ondorioz 40 milioi europar inguru aire kutsatu eta arriskutsua ari dira arnasten. Horren aurrean, soluzioa zein den garbi dauka: “Europako Batzordeak merkatu europarrean dauden auto guztien inguruko ikerketa abiatzea; horixe izan beharko litzateke irtenbiderik behinena”.