argia.eus
INPRIMATU
Volkswagen: Alemaniako itxierek kezka barreiatu dute Nafarroan
  • María Chivite lehendakariak esan du kezkatuta dagoela Alemaniatik Volkswagenetik datozen albisteekin, baina aldi berean, konfiantza duela multinazionalak Iruñean duen lantegian, orain arte iragarritako planak betetzen ari direlako.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko azaroaren 08a
2026an ekingo diote Landabenen auto elektrikoaren ekoizpenari. El economista

Nafarroako Legebiltzarrean jardun zuten gaiaz ostegun honetako osoko bilkuran eta Chivite lehendakariak esperantza handia jarri zuen 2026tik aurrera Landabengo fabrikan ekoizten hasiko diren auto elektrikoan: “Merkatuan arrakasta gehien izan dezakeen auto elektrikoa Landabenen egingo dena da”.

Volkswagenek 2023an iragarri zuen bi auto elektriko ekoitziko zirela Landabenen eta beste bi konbustiokoak, eta 2024 eta 2025 zubi urteak izango zirela lantegia auto elektrikoaren ekoizpenerako prestatzeko.

Trantsizio horretan lan karga asko jaitsiko dela aurreikusten zuen multinazionalak, baina 2026tik aurrera ekoizpena berriz normalduko zela ere iragarri zuen. Mesfidantza, ordea, airean da, UPNko parlamentari Ana Elizaldek agertu zuen moduan: “¿Zein da plana, garai bateko 6.000 enplegatutik 3.500era iragatea?”. Volkswagenen arabera, gaur egun 5.000 langile inguru daude Landabengo fabrikan.

Chivitek lasaitasunerako deia egin zuen, “dirudienez, lantegien itxierak Alemaniara mugatzen dira eta”. Ez da egia, ordea, Belgikan ere konpainiak bide beretik jo duelako. Bruselan Volkswagenek 3.000 langileko Audi autoen lantegi bat itxiko du datorren otsailean, berriki iragarri duenez. Eta gogorrena da, auto elektrikoa egiten den lantegi bat itxiko dela, eta ez ohiko erregai autoa. Aurrerantzean, Bruselan ekoizten den autoa Mexikon egingo da.

Alemaniari dagokionez, Volkswagenek iragarri du hiru lantegi itxiko direla bertan. Dozenaka milaka langile kalean geratuko dira eta konpainiaren gainerako lantegietan langileen soldatak %10 gutxituko dira. Multinazionalak 120.000 bat langile ditu Alemanian.

Oraingoz, 2023an egindako iragarpenen arabera, multinazionalak 2024an Landabenen 250.000 auto ekoitziko zituela esan zuen,  2025ean 150.000 eta 2026an 200.000, dagoeneko auto elektrikoa tartean. Helburuok betetzea, ordea, esatea baino gaitzagoa izango da. Diario de Navarra-k astelehen honetan zioenez, helburuok betetzeko 2027ra arte Landabenen 250 milioi euro inbertitu behar ziren urtero, eta aurtengorako 160 milioi euroko inbertsioa dago aurreikusita. Hala ere, Cordovillako egunkariak albistearen tituluan dioenez, “automobilgintzak etxeko lanak eginak ditu” Nafarroan.

Elektrikoaren zalantzak

Foru Legebiltzarrean agertutako zalantzek badute oinarri sendorik. Arrazoi handiak daude etorkizunean laino beltzak iragartzeko, gutxienez bi arrazoiengatik: batetik, gobernuek ohiko autoaren ekoizpena txiklea bezala luzatzen ari badira ere, bere ekoizpenak datarik gabeko muga duelako; eta bestetik, auto elektrikoaren ekoizpenak eta salmentaren aurreikuspenak ez direlako betetzen ari inondik inora, Europan bederen.

Volkswagen krisi latzean dago, baina Mercedes-Benz ere estu dabil. Ola Kaellenius Mercedes-eko CEOak Autocar aldizkari britainiarren onartu duenez, ez zuen uste sasoi honetan auto elektrikoen salmenta horren motel ibiliko zenik. Elkarrizketan aitortzen du aurreikuspenen arabera, uste zutela gaur egun beren autoen salmentaren laurdena auto elektrikoak izango zirela, baina horren erdira ere ez direla iritsi.

Europan auto elektriko gehien zituzten herrialdeak Norvegia eta Suedia ziren 2022an, eta Norvegiak bakarrik pasatzen zuen %10eko langa (bertako auto guztien artean elektrikoen ehunekoa). Beste herrialde gehienen kopuruak askoz txikiagoak ziren: Frantzian ez ziren %2ra iristen, eta Espainian %1era, Eurostateko datuen arabera. Hego Euskal Herrian, esaterako, 2023an 2.300 bat auto elektriko saldu ziren, saldutako auto guztien %7,4.

 

Eta zailtasunak ere bai

Foru Legebiltzarrean ez zen gordin hitz egin, baina datozen urteetan automozioaren esparrua gordina izango da Europan, nagusiki auto elektrikoen kopuruak nekez ordezka dezakeelako ohiko auto kopurua. Salmenta arazoak begi bistakoak dira itsuenarentzat ere, eta erosteko mesfidantzak ere bai: besteak beste, garestiak dira, autonomia askoz txikiagoa dute eta karga-leku oso gutxi daude oraindik.

Horrez gain, azpiegitura elektrikoaren sarea hastapenetan besterik ez da eta potentzia elektrikoa gutxienez bikoiztu beharko litzateke sare elektrikoan. Etorkizun laburrean, halaber, auto elektrikoak egiteko materialak lortzeko zailtasunak handituko dira. Auto elektrikoa egiteko askoz mineral kopuru handiagoak behar dira –ohikoaren bikoitza– eta horietako batzuk eskas dira lortzeko. Adibidez, munduko egungo auto kopurua elektrikoarekin ordezkatu nahiko balitz, jadanik planetak ezingo luke ase auto elektrikorako behar diren hainbat mineralen ekoizpena.

Deskarbonizazioa aipatzen da elektrikoa bultzatzeko akuilu gisa, baina egindako kalkulu askoren arabera, bere bizi denboran, auto elektrikoaren CO2 igorpenak auto fosilarenak baino %17-30 gutxiago bakarrik lirateke. Inork ez daki etorkizunak zer dakarren, baina argi dago askoz auto kopuru gutxiago egongo dela. Pandemia ostean ARGIAk Antonio Aretxabala geologoarekin izandako elkarrizketan zera zioen hark: “Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean”.