argia.eus
INPRIMATU
Viralgen enpresak Covid-19aren aurkako txertoa ekoitziko du Donostian
  • Viralgen Vector Core Donostiako enpresa terapia genikoan espezializatua dago eta Covid-19aren aurkako txerto bat egiteko aukeratu dute. Massachusetts General Brigham Hospital (MGB) eta Harvardeko Unibertsitatea ari dira garatzen txertoa.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 28a

Viralgenek ohar bidez jakinarazi dutenez, enpresa donostiarra izango da txertoa AEBetatik kanpo egingo duen enpresa bakarra; Ipar Dakotako Aldevron eta New Jerseyko Catalent enpresek ere ekoitziko dute. Terapia genikoa teknologia berria da eta honen bidez, pertsona baten genoman ez diren osagai funtzionalak txertatzen dira, zeluletan edo ehunetan.

Harvardeko Unibertsitatearen bueltan lanean ari diren hainbat ikerketa eta medikuntza talde biltzen dituen MGB partzuergoa ari da txertoaren produkzioaren ardurarekin, eta zehaztu dutenez, 2017an sortutako Viralgen hautatu dute honek Pro10 teknologia lantzen duelako. Teknologia horrek "ahalbidetze du adenoasoziatutako birusen bolumen handiak ekoizteko denbora laburrean eta, aldi berean, birusak izan ditzakeen aldaketetara azkar egokitzeko aukera”. Eusko Jaurlaritza ere Viralgenetik batera dago proiektu honetan.

Milioika txerto produzitzeko gaitasuna du Donostiako enpresak eta horretarako eraikin berria ere eraikitzen ari da Miramongo Parkean. Udazkenerako txertoaren lehen proba klinikoak egin nahi dituzte eta 2021erako txertoa ekoizten hastea aurreikusten dute.