IRPH indizea indargabetzearen aldeko ez-legezko proposamena onartu zuen parlamentuak otsailean, eta Kutxabankek haren inguruan duen jarreraz azalpenak ematekoa zen bankuko presidentea.
EH Bilduk eskatuta joatekoa bazen ere, Gregorio Villalabeitiak ez du azalpenik emango Eusko Legebiltzarrean. Kutxabank “erakundea pribatua” dela argudiatu eta azalpenik eman beharrik ez duela adierazi du bankuko presidenteak Gasteizko parlamentuari helarazitako gutunean.
Interes tipoaren aurkako IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen proposamenez luzatu zuen agerraldiaren eskaria EH Bilduk. Indizea “abusuzkotzat” jo zuen otsailean Legebiltzarrak, baina elkarteak adierazi duenez, aplikatzen jarraitu du Kutxabankek, haren aurka Arabako Probintzia Auzitegiak ezarritako zigorrari helegitea aurkeztearekin batera.
Horren aurrean, IRPH Stop Gipuzkoak zigorra eskatu du Villalabeitiarentzat, eta Eusko Jaurlaritzari exijitu dio “bete dezala otsailean egin zitzaion mandatua”. Izan ere, parlamentuak eskatu zion “abian jar ditzala eskura dituen bitarteko guztiak, Kontsumobide Kontsumo Institutua barne, indize honek kaltetutako pertsona guztiak defendatzeko”.
Plataformak “larritzat” jo du Villalabeitiaren jarrera eta salatu du agintariak “gezurra” esan duela “IRPH-aren aurkako epai irmorik” ez dagoela dioenean. Valentziako Merkataritza Arloko 3. Epaitegiaren eta Huelvako Lehen Instantziako 3. Epaitegiaren epaiak hartu ditu adibidetzat.