Villabona-Amasako Zubimusu ikastolak 140.000 euro inguru itzuliko dizkio Eusko Jaurlaritzari, finantzazio publikoa jasotzeko 2021-22 ikasturteko ikasle kopuruaren berri eman zuenean azkenean matrikulatutakoak baino ikasle gehiago jakinarazi zituelako. Akatsa izan zela eta benetako ikasle kopuruaren berri berandu eman zuela azaldu du ikastolak.
Haur Hezkuntzako 3 eta 4 mailako itunei eragiten die akatsak. 2021-22 ikasturtean maila horietan Hezkuntza Sailak zituen datuen araberako ikasle kopurua kontuan hartuta, diru kopuru jakin bat zegokion ikastetxeari, baina ikasleak gutxiago ziren.
Zubimusu ikastolarekin akordioa lortu dute eta 2022 urtea bukatu aurretik 140.000 euro inguru itzuliko ditu ikastolak. Ikastetxean bestelako irregulartasunik ez duela atzeman eta kasu puntuala eta isolatua dela nabarmendu du Hezkuntzak.
"Asmo txarrik gabeko akatsa"
Ikastolen Elkarteak, Zubimusuren izenean, azaldu du asmo txarrik gabeko akatsa izan zela, benetan matrikulatutako ikasleen azken datua berandu helarazi ziola Jaurlaritzari. Adierazi du 2 urteko mailan matrikulatutako ikasle guztiak aurreikusi zituela 3 urteko mailan, baina gero batzuk beste ikastetxe batera joan zirela eta aurreikusitakoaren eta azken kopuruaren arteko diferentzia ez zuela irailean jakinarazi, ikasturtea behin hasita baizik, urtarrilean. Kopuru erreala eman zuenean, Hezkuntza Sailak ikuskaritza bidali zuela gaineratu du Ikastolen Elkarteak, eta ondoren etorri zela akordioa.