argia.eus
INPRIMATU
Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek badarabil plan zehatzen bat buruan
  • Europar Batasunaren txandakako presidentetza beretu eta astebeteren buruan Viktor Orban hungariar lehen ministroak egin duen ezusteko blitz-ak azalpen serioa eskatzen du. Gaiaren neurrikoa.

Mikel Aramendi 2024ko uztailaren 09a

V. Zelenskyrekin lehendabizi, V. Putinekin ondoren, eta Xi Jinpingekin hirugarrenik elkarrizketatu, eta “hurrengo geraldia: Washington” esanez aritzea, ez dago nornahiren esku.

Eta gutxienekoa da jelosia-atake betean, Europar Batasuneko establishmenta (Von der Leyen-Borrell-Kallas) garrasika aritzea Orbanek ez duela elkargoa ordezkatzen. Edonork bezain argi jakingo du berak ere hori. Eta bost axola dio. Orduan...?

Darabilen plana zein den zehatzago jakingo bagenu, agian errazago ulertuko genuke zertan ari den Orban. Agerikoa eta ezbairik gabekoa dena har dezagun abiapuntutzat: Ukrainan su-etena lortzea litzateke berehalako helburua.

Ez da batere jakintsua izan behar ohartzeko, edozein bake-prozesu abian jarri ahal izateko, lehen eta ezinbesteko baldintza dela su-eten osoa eta fidagarria lortzea gerran ari direnen artean. Armak, behin-behinean, isilaraztea, negoziaketa-mahaian eseri ahal izateko.

Armak isilaraztea, haatik, ez da kontu erraza ezein gerratan; are gutxiago Ukrainakoa bezalako gatazka orokortu batean. Borrokan ari diren alderdien borondatea ez ezik, bakegintzarako baliabideak ere jarri behar izaten dira. Aurrekariek erakusten dutenez, tartean jarri eta borrokalariak geldi eta elkarrengandik urruti mantenduko dituzten indar neutralak, interposizio-indarrak, izan ohi dira funtsezkoenak. Eta ez langintza erosoena dutenak.

Horrelako interposizio-indarretarako, ordea, ez du edozeinek balio, borrokan ari direnak haietaz fio izatea ere ezinbestekoa delako. Ukrainakoa bezalako gatazka batean horrek zer erakartzen duen aise uler daiteke: Errusiak, adibidez, ez luke onartuko NATO-kideen interposizio-indarrik. Alde bakoitzak, bere bake-zainak nahi eta beharko ditu.

Xake-joko deabrutu horretan igarri liteke Txinaren ezohiko paper bat. Izan ere, Txina, tradizioz, oso ezkorra izan da bere indar armatuak atzerriko gatazketara bidaltzeko, bake-prozesuak abian jarrita ez ezik guztiz egonkortuta ez badaude. Baina egia da, halaber, azken urteetan, batik bat Afrikan, inplikazio bihurriagoak ere onartzen ari dela.

Ukrainako kasuan, litekeena da Orban itsu-itsuan ez aritzea Txinaren jarrerari dagokionez; eta aurretiaz, Xi Jinpingek Hungariara oraintsu egindako bisitaldian, horretaz hitz eginak izatea. Noski, betiere Errusia ados balego frontearen bere aldetik gudaroste txinatarrak jar daitezen. Eta horretan, ez dirudi eragozpenik legokeenik Mosku eta Pekinen arteko ententea ikusita.

“Beste aldean” legoke korapiloa. Zehazki, Orbanen laugarren geraldia izan behar duen Washington horretan. NATOren sorreraren 75. urtebetetzea dela eta han egiten ari diren goi-bileran, mahai gainean izango dute gaia, ziur. Baina “NATO”, “Ukraina” eta “bakea” esaldi berberean...