argia.eus
INPRIMATU
Orban ultraeskuindarra garaile berriz ere Hungarian
  • Hungariako lehen ministroak laugarrenez irabazi ditu hauteskunde nagusiak. Fidesz alderdiak botoen %54 lortu du, eta sei alderdik osatu duten oposizioko koalizioak %33, botoen %92 zeudenean zenbatuta.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 04a
Victor Orbanek laugarrenez irabazi ditu hauteskundeak / Europako Parlamentua

Parlamentuak dituen 199 eserlekuetatik, Fidesz alderdiko kideenak izango dira 135, eta oposizioarenak 56. Gobernuak, hortaz, gehiengo osoa mantenduko du. “Garaipena agian ez da ilargitik ikusiko, baina Bruselatik ziur baietz”, adierazi du ironiaz Viktor Orbanek, erreferentzia eginez Europar Batzordeari, zeinak Hungaria zigortu duen, Gobernuak pasa den urtean onartu zuen lege homofoboagatik. Pedofiliaren aurka egiteko aitzakiarekin, lege horrek besteak beste jasotzen du hedabideetan zein ikastetxeetan debekaturik dagoela homosexualitateaz edo sexu aldaketaz hitz egitea.

Hainbat adituk azaldu duenez, Ukrainako gerrak Orbanen figura indartu du, egonkortasunaren berme bezala agertu delako garai nahasietan. Zentzu horretan, lehen ministro hungariarrak EBk Errusiari jarritako isunak babestu ditu, baina Ukrainari armak ematearen aurka agertu da.