argia.eus
INPRIMATU
VIHsible, GIB birusa duten pertsonak ikusgai egin nahi dituen zine zikloa Bilbon
  • GIB birusaren estigmatizazioaren aurka egiteko, sormen artistikoaren balioa aldarrikatuko du Zinegoak Elkarteak abenduaren 4an eta 5ean egingo den VIHsible Zinema Zikloan.

Uriola.eus @uriolaeus 2019ko azaroaren 27a
Pedro Lemebel idazle eta aktibistaren inguruko pelikula emango dute zikloaren baitan.

Abenduaren 1a, GIB Birusaren Kontrako Nazioarteko Eguna denez gero, Zinegoak Elkarteak zinema zikloa antolatu du hirugarrenez Bilborock aretoan abenduaren 4an eta 5ean. Lemebel dokumentala eta 1985 filma izango dira aurtengo zikloan ikusgai egongo diren bi filmak.

Lemebel Pedro Lemebel idazle eta LGTBI mugimenduko erreferentearen bizitza kontatzen duen dokumentala da, Teddy Saria jaso zuen azken Berlingo Nazioarteko Zinemaldian.

1985 filmak GIB birusaren ondorioz 80. hamarkadan sortutako arrakalak kontatzen ditu. Nazioartean sei sari baino gehiago irabazi ditu, halaber Zinegoak jaialdiko azken edizioan ere gigoi onenaren saria jaso zuen.

GIB birusari ikusgarritasuna eman eta honen inguruan sortzen diren estigmen aurka egitea da hirugarren zinema ziklo honen helburua, izan ere, Pau Gillenek, Zinegoak Elkarteko zuzendariak, azpimarratu duenaren arabera, "zineak eta arteak errealitatea nola jasotzen dugun eraldatzeko gaitasuna dute". Ondorioz, hori izango da Zinegoakek ildo horri egingo dion ekarpena.