argia.eus
INPRIMATU
Vienako ‘Jabetza, hedabideak, publikoa’ konferentzian izango da ARGIA
  • Maiatzaren 12tik 14ra egingo dute Vienan Jabetza, hedabideak, publikoa konferentzia. Hainbat aditu arituko dira bertan, eta baita Europako zenbait hedabide ere, ARGIA, tartean, komunikazioa eta kazetaritza ikuspuntu ekonomiko eta politikotik aztertzeko.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 11
2019ko konferentzia. Argazkia: Benjamin Bigl

Vienan, hedabideen jabetzaz eta funtzio publikoaz nazioarteko jardunaldia egingo dute Vienan maiatzaren 12tik 14ra Jabetza, hedabideak, publikoa goiburupean, Komunikazio Zientzia Kritikoen Sareak (https://krikowi.net/) antolatuta. ARGIAren ordezkaritza izango da han, antolatzaileek gonbidatuta.

Vienako Ekonomia eta Enpresaritza Unibertsitatean egingo da topaketa. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta lantegiak egingo dituzte hiru egunez. Besteak beste, multinazionalen esku dauden plataformak erabiltzeak dakartzan kontraesanez, datuen jabetzaz, ezkerreko hedabideen eginbeharraz eta hedabideak esku gutxiren menpe geratzearen arriskuaz hausnartuko dute.

ARGIAko Lander Arbelaitzek "Hedabideen jabetza, kapitalismotik harago" mahai-inguruan hartuko du parte, Alemaniako Jacobin Magazine, Greziako The Press Project, Austriako Orange Radio eta Europa ekialdeko Baricada medioekin batera. Langileona den hedabide gisa gonbidatu dute ARGIA, gure esperientziaren berri eman eta jabetza eta harpidetza eredua azaltzeko.

Topaketan, hedabideen jabetzaz eta funtzioaz ahobizarrik gabe hitz egiteaz gain, Europako komunikazio proiektu independenteen artean sinergiak bilatzen saiatuko dira. Zeregin horretan ere ariko da Vienara joango den ARGIAren ordezkaritza.