argia.eus
INPRIMATU
Victor Bravo senatari jeltzale ohia datorren astean epaituko dute iruzurragatik
  • Gipuzkoako fiskaltzak 6 urteko kartzela zigorra eskatu du ogasunaren kontrako delituak egiteagatik. Zehazki,  1,8 milioi euroko iruzurra egitea egozten dio, Glass Costa Este Salou elkartearen bidez.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 12a

1992 eta 2003 artean Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari izan zen Victor Bravo, eta horren ondotik, 2004tik 2007ra EAJko senatari. El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, datorren astean hasiko da bere kontrako epaiketa Donostiako Zigor-arloko lehen epaitegian; irailaren 17, 18 eta 19an egingo dira auzi-saioak.

Egunkari berari Bravok azaldu dionez ez du abokaturik izango eta "bere burua defendatuko du". Bide horretatik, politikari jeltzalea izandakoak saihestuko du akusatuen eserlekuan egotea epaiketak iraun bitartean.

Bravorentzat sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen Gipuzkoako fiskaltzak joan den ekainean, Ogasun publikoari 1,8 milioi euroko iruzurra egiteagatik 2003 eta 2006 urte artean. Horretarako, Glass Costa Este Salou enpresa erabili zuen ogasun zuzendari ohiak: Tarragonako elkarte horren egoitza Gipuzkoako lurraldera eramaten lagundu zuen, bertako abantaila fiskalak zirela-eta. Estatuko abokatutzak, bere aldetik, bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du.

Jose María Bravo Irungo ogasuneko arduradunaren anaia da Victor Bravo. Hura ere Ogasunari iruzur egiteagatik epaitu zuten eta Gipuzkoako Auzitegiak 11 urteko kartzelara zigortu 2012an –Espainiako Auzitegi Gorenak urtebete geroago erruduna zela berretsi zuen, baina urtebete kendu zion zigorrari–. Irungo ustelkeria kasua azalerazi zenean, 2007an, EAJko senatari bezala dimititu zuen Victor Bravok.