argia.eus
INPRIMATU
Vianako Printzea saria jaso dute Jose Lainez eta Concha Martinez dantzariek
  • Uxue Barkos Nafarroako presidenteak eman die saria, azken urteetan egindako lanarengatik eta dantza garaikidean erreferente izateagatik. Dantzak une gozoa bizi duela baina finantzazioaren arazoak berdin jarraitzen duela esan dute koreografoek.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 29a
Jose Lainez eta Concha Martinez (Arg.: Europa Press)

“Lainez eta Martinez berritzaileak izan dira, eta urteetan zehar egindako lanarekin Nafarroako historiaren parte bilakatu dira”, adierazi du Barkosek Erriberriko Errege eta Erreginen Jauregian egindako ekitaldian. Ikuspuntu artistiko batetik abiatuz gorputza eta espazioaren inguruan hausnartzen lehenetarikoak izan ziren, eta dantzari eta sortzaile askorentzat erreferente bilakatu ziren. Donostiarrak dira jaiotzez, baina ibilbide profesionala Nafarroan garatu zuten.

Bikote bat saritu duten lehen aldia izan da, orokorrean kultur eragileak bakarka saritzen baitituzte. Lainezek eta Martinezek, ordea, talde moduan egindako ekarpenarengatik jaso dute aitortza. Koreografoek taldean lan egiteko duten gaitasuna nabarmendu du Nafarroako presidenteak.

Nafarroan dantzak “une gozoa” bizi duela adierazi dute sarituek, eta dantzarien kopurua eta kalitatea nabarmendu dute. Finantzazioari lotutako arazoek, ordea, berdin jarraitzen dutela ziurtatu dute. Dantzari indarra emateko Nafarroan dantza zirkuitu bat sortzea proposatu dute, dantzariek horretan lan egiteko aukera izan dezaten. Diru-laguntzen eta beken beharra ere azpimarratu dute, profesional gazteek atzerrira joateko beharra izan ez dezaten.