argia.eus
INPRIMATU
Verter Recyclingeko arduradunak mutu, epailearen galderen aurrean
  • Zaldibarko zabortegia kudeatzen zuen Verter Reyclingeko arduradunek astelehen honetan deklaratu dute Durangon, auzia daraman epailearen aurrean. Haietako bik uko egin diote epailearen galderei erantzuteari eta hirugarren batek ezin izan du auzitegira joan, koronabirusarekin gaixo dagoelako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko abenduaren 20a
Elkarretaratzea Durangoko auzitegiaren aurrealdean (argazkia: LAB)

Ingurumenaren eta osasun pubikoaren kontrako ustezko delitu batengatik inputaturik daude Verter Recycling 2002 enpresako arduradunak eta astelehen honetan deitu ditu deklaratzera Durangoko auzitegira epaileak. Jose Ignacio Barinaga enpresaren jabea eta Juan Etxebarria zabortegiko ingeniaria agertu dira epailearen aurrera, Arrate Bilbao aldiz ez, koronabirusarekin gaixo dagoela argudiatu baitu, EFE agentziaren arabera. Ez Barinagak ez Etxebarriak, ordea, ez diote erantzun epaileari.

2020ko otsailaren 2an Zaldibarko zabortegian eragindako hondamendiaren ondorioz bi langile hil ziren, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Auzi penala pasa den udan itxi zen, inputatuen eta fiskaltzaren arteko akordio baten bidez biktimen familiak indemnizatu eta kartzela zigorra saihestuta. Baina orain ingurumen eta osasun publikoaren kontrako kalteak ikertzen ari da justizia. Horretarako, enpresa bera eta bere arduradunak ikertu moduan deklaratzera deitu ditu berriz epaileak.

Durangoko auzitegiaren aurrean Zaldibar Argitu plataformako eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kideak elkarretaratu dira, erantzukizun "guztiak" argitu daitezela eskatzeko, bai enpresarenak, baina baita "hondamendia ahalbidetu zuten agintari politikoenak" ere, Gaizka Zabarte Zaldibar Argituko heledunaren hitzetan, Berriak jaso duenez.

Eskubide Sozialen Kartako talde eta sindikatuek nabarmendu dute Eusko Jaurlaritza ez dagoela akusatuen artean, "irregulartasunen aurrean ezikusiarena egin bazuen ere". Auzia oraindik instrukzio fasean dago eta epaia atera arte oraindik "hilabeteak" igaroko direla ere salatu dute.