Ventura Tome preso tafallarra larri gaixo dagoela-eta aske uzteko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ruiz Polanco epaileak. Asteazken eguerdian aske geratuko zela jakin eta ordu gutxitara irten da Murtziako kartzelatik.
60 urte eta bi minbizi ditu preso tafallarrak, biriketakoa eta prostatakoa. Osasun egoera larria izan arren, etxetik 690 kilometrotara eta lehen graduan izan dute preso azken hiru urteetan, gaixotasunari aurre egiteko beharrezko tratamendurik gabe.
"Sorpresaz" hartu du Tome aske uzteko erabakia Etxeratek, Nagore Lopez de Luzuriaga bozeramaileak azaldu duenez. Albistea pozik hartu duten arren, gaixo dauden beste hamar euskal preso ere aske geratzeko garaia dela azpimarratu du elkarteak.
Presoaren familiak, Etxeratek eta Jaiki Hadi elkarteak sarri salatu dute presoaren osasun egoera “muturrekoa” dela. Asko izan dira Tome Euskal Herriratzeko eskatuz egindako mobilizazioak, bere osasuna hobeto zaintzeko baldintzak ziurtatzeko.
Prostatako minbizia iazko urtarrilean diagnostikatu zioten Tomeri. Jaso zituen 38 erradioterapia saioak “baldintza onartezinetan” eta eskuburdinak lotuta zituela egin zitzaizkiola salatu zuten orduan haren abokatuak eta Etxeratek. Biriketako minbizia, ordea, iazko ekainean atzeman zioten baina presoari ez zioten abendura arte jakinarazi. Bere emazte Cristina Grazia ere minbiziaz gaixo dago eta orain artean ezin izan da Murtziara bisitan joan.
Fernandez Iradiren zigor etenaren helegiteak asteazkenean aztergai
Esklerosi anizkoitza duen Ibon Fernandez Iradi presoaren zigor etenari aurkeztutako helegiteak gaur aztertuko ditu Parisko dei auzitegiak.
Ekainaren 20an presoaren zigor etena bi baldintzekin onartu zuen epaileak: Frantzian bizitzeko debekua indargabetzea eta Pirinio Atlantikoetatik kanpo bizitzea. Maritxu Paulus-Basurko abokatuak eta prokuradoreak helegite bana aurkeztu zuten.
Abokatuak bereziki lehen baldintzaren aurka egingo du asteazkenean, horrek beste epaitegi batera jo eta Iraidiren espetxealdia luzatzea baitakar. Ni ere banoa kolektiboak prozesuaren moteltasuna salatu du. Gaixotasunari aurre egiteko, espetxetik ateratzea “ezinbestekoa” dela esan dute.