argia.eus
INPRIMATU
Botere talka eta albiste nahasiak Venezuelatik
  • Martxoaren 30ean Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak Parlamentuaren funtzioak hartu zituen behin behinean. Parlamentua oposizioaren esku zegoenez, bere botere-gune nagusi gabe geratu zen Nicolás Maduroren gobernuaren kontrako oposizioa. Estatu kolpea, titulatu zuen bere editoriala El País-ek.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 04a
Venezuelako parlamentua. (Arg.: Telesur)

Venezuelako botere publikoen —betearazlea, legegilea eta judiziala— arteko tentsio eta talkak 2015ean hasi ziren, oposizioak parlamenturako hauteskundeak irabazi eta Parlamentua bereganatu zuenean. Hauteskunde horietan, baina, chavismoak salatu zuen irregulartasunak egon zirela oposizioko hiru hautagairen garaipenen kasuan, eta Justizia Auzitegi Gorenak debekatu egin zion oposizioari parlamentuko hiru eserleku horiek betetzea.

Epaiari muzin eginda, oposizioak hiru hautagaiak jarri zituen parlamentuan —hala parlamentuaren gehiengo osoa baitaukate—. Justizia Auzitegi Gorenak men ez egitea egotzi zion parlamentuari, eta bere jarduera baliogabetu zuen. Oposizioak, baina, jardunarekin jarraitu zuen ezer gertatuko ez bailitzan.

Botere betearazlearekin ere izan ditu talkak. 2017ko urtarrilaren 9an Parlamentuak Maduro lehendakaria aitortzeari utzi zion, argudiatuta lehendakariak bere postua utzi zuela; nabarmen faltsua. Orduan ez zuen halakorik titulatu El País-ek.

Azkenik, martxoaren 30ean Parlamentuaren funtzioak hartu zituen Justizia Auzitegi Gorenak behin behinean, desobedientzia jarrera utzi arte. Auzitegiak argudiatu zuen Hidrokarburoen Legearen artikulu batek —Venezuelaren ekonomiarentzat hil ala bizikoa dira petroliotik jasotzen dituen baliabideak— Parlamentuaren berrespena behar duela, baina honek uko egin diola zeregin horri.

Auzitegiaren erabakiaren ondoren oposizioak egindako protestak ikusita, Maduro buru duen Nazioaren Defentsarako Kontseiluak erabakia berrikusteko eskatu dio auzitegiari. Azkenean, Justizia Auzitegi Gorenak atzera bota du bere erabakia.