argia.eus
INPRIMATU
Venezuelan legebiltzarrerako hauteskundeak deitzeko prest Maduro, Guaidok “zigor gehiago” eskatu dituen bitartean
  • Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak adierazi du, presidentetzarako hauteskundeak ez dituela antolatuko, duela urtebete baino gutxiago egin zirela argudiatuz.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 31
Argazkia: @ElUniversal

Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu eta oposizioarekin elkarrizketak mantentzeko prest azaldu da Maduro. Juan Guaido oposizioko buruzagiak aldiz, “zigor gehiago” ezartzeko eskatu dio Europar Batasunari.

Ria Novosti errusiako albiste-agentziari eskaini dion elkarrizketan Madurok adierazi duenez, “Venezuelaren, bakearen eta etorkizunaren alde, negoziazio mahaian oposizioarekin hitz egiteko prest nago”. Gaineratu duenez, "legebiltzarrerako hauteskundeak antolatzea herritarren botoen bidez eztabaida politikoa hasteko bide ona litzake”.

Guaidok Bild egunkari alemaniarrean adierazi duenez, “Venezuela diktadura-garai batean murgilduta dago eta erregimena guztiz ustelduta dago ”. “Kalera atera eta presio egin behar dugu, gure demokrazia lortzeko guztion beharra dugu” gaineratu du.

Europako Parlamentuaren Guaidorekiko aitortza

Europako Parlamentuak Juan Guaido Venezuelako presidente gisa onartuko du ostegun honetan. Europar Batasunak presidentetzarako hauteskundeak deitzeko eskatu zion Madurori, baina buruzagiak baztertu egin du aukera hori.

Guaido presidentetzat aitortuko duen ebazpena popularren eta sozialisten botoei esker onartuko dute.

Kazetarien atxiloketak

Espainiako EFE albiste-agentziak asteazkenean salatu zuen Venezuelako krisi politikoa jarraitzen dabiltzan bere hiru kazetari atxilotu dituztela. Bi kazetari venezuelar, bi frantses eta beste bi txiletar ere atxilotu dituzte azken egunetan.

Venezuelako Gobernuak adierazi duenez, “akreditaziorik gabe lanean dabiltzan kazetarien kopurua murriztu asmoz” egin dira atxiloketak. EFE agentziak azpimarratu du, bere kazetariak “aireportura iritsi ahalaz bat” akreditatu zirela.

Espainiako Gobernuak “kazetariak berehala askatu eta giza eskubideak errespetatzea” exijitu die agintari venezuelarrei.