argia.eus
INPRIMATU
“Maileguan” hartutako irudiak, Venezuelako oposizioaren arma mediatikoa
  • Unai Romanok jasandako torturen irudia Venezuelako Gobernuak ikasle bati emandako jipoiarena zela zabaldu zuen oposizio eskuindarrak Twitterrez. Halako irudi faltsu ugari erabiltzen ari dira, egunotako ikasleen protesten aurrean Maduroren Gobernuak izandako esku hartzea desitxuratzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko otsailaren 19a
@aranagoiri euskal txiolariaren mezu ironiko bat aprobetxatu du Venezuelako oposizioak Unai Romanoren irudia erabiltzeko

Romanoren irudia @aranagoiri euskal erabiltzailearen mezu ironiko bat aprobetxatuz erabili du oposizioak. Baina ez da bakarra. Alba Ciudad irratiak Unai Romanoren irudiekin gertatutakoaren gisako beste hainbat adibide jaso ditu bere webgunean.

Bulgarian 2013an izandako gertaera batzuen irudia manipulatu dute, ikasle batek negarrez poliziari “zu eta ni venezuelarrak gara, lagun” esaten diolakoan:

Beste kasu batzuetan, Greziako, Txileko eta Egiptoko protestaldietako irudiak erabili dituzte, Venezuelako ikasleen kontrako oldarraldia bailiran, baita Siriako hildakoenak ere. Beheko irudian, Alepon 2012ko uztailan hildako siriarrak Venezuelako Maracayen hil zituzten ikasleak direla dioen txioa:

Adibide gehiago bildu ditu Pascual Serrano kazetariak El Diario.es-en idatzitako artikuluan. Bideo irudi eta albiste faltsuak ere badirela azaldu dute hainbat mediok. PSUV alderdi chavistak gogor salatu du irudi horien zabalkundea eta oposizioari cobero edo gezurti izatea leporatu dio:

Irudi faltsuen auzia Venezuelan eskuindarrek estatu kolpe erreakzionario bat emateko estrategiaren barruan kokatu du Gobernuak.  Delcy Rodriguez Komunikazio eta Informazio ministroak, bestalde, azaldu du azkeneko egunetan Gobernuaren 127 webgune ofizialek eraso zibernetikoak izan dituztela:

Ikasleen protestak otsailaren hasieran hasi ziren Tachira hirian eta otsailaren 12an Gobernuaren aldeko eta kontrakoen arteko liskarrak izan ziren Caracasen.

Hiru hildako eta zauritu ugari izan ziren. Gobernuak, Leopoldo Lopez oposizioaren buruetako bati egotzi dio protestetan biolentzia eragin izana.

Atzo atxilo hartu zuten, bere burua herri harresi gisako batean entregatu ondoren.

Leopoldo Lopez Mendoza, Voluntad Popular alderdi eskuindarreko koordinatzailea da. Ekonomia ikasketak egin zituen AEBetako Harvard unibertsitatean eta besteak beste petrolio enpresen aholkulari lanak egin ditu.

Alderdi politikoak legez kanpo finantzatzeagatik zigortu zuen Estatuak. Sare sozialetan, atxilotua izan aurretik grabaturiko bideo bat zabaldu du opositoreak: