argia.eus
INPRIMATU
Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera
  • “Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala irekitzea”. 24 hildako eta 2.200 atxilotu inguru izan dira Venezuelako protestetan, Provea gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 07a
Uztailaren 28an izan ziren Venezuelako hauteskundeak. Argazkia: CNN

Plataforma Unitario Demokratikoaren (PUD) buru Edmundo Gónzalezek eta oposizioaren buru nagusi –baina Venezuelako epaitegiek bere hautagaitza ezgaitu dutena– María Corina Machadok adierazpen bateratua zabaldu dute uztailaren 5ean sare sozialen bitartez. “Militarren eta polizien kontzientziarako deia” egin dute. Bertan “kupula maduristak antolatutako taldeen ekintzak eragoztea” eskatu diete eta “herriaren eta beren familien alde jar daitezen”. Machado sare sozialetan PUDen garaipena eskatzen ari da hainbat argitalpenen bitartez, eta esan du oposizioak “herrialdeko estatu guztietan eta ia udalerri guztietan irabazi” zuela. Hauteskunde Kontseilu Nazionalak (CNE) emandako datuen arabera, uztailaren 28ko hauteskundeetan Nicolás Maduroren GPP Polo Patriotiko Handiak botoen %51,2 lortu zituela eta PUDek %44,2 esan arren, adierazpenean jaso dute oposizioak “botoen %67” lortu zuela eta “Madurok %30”. Madurori leporatu diote “egia ezkutatu eta garaileak zokoratu nahi izatea”, “estatu kolpea” ematea eta “garaitua izan zela onartzeari uko” egiten diola.

Venezuelako Errepublika Bolivartarreko Fiskal Nagusi Tarek William Saab-ek erantzun egin dio oposizioak egindako adierazpenari, eta iragarri du Gonzálezi eta Machadori “ikerketa penala irekitzea” erabaki dutela. Saab-en adierazpenak aipatu du oposizioak "faltsuki" iragarri duela CNEk aldarrikatutako irabazlea ez den beste bat, eta CNE dela “hori egiteko kalifikatutako organo bakarra”. Machadok eta Gonzálezek idatzitako adierazpenean “polizia eta militar funtzionarioak legeak ez betetzera bultzatzen” ari direla salatu dute, eta hainbat delitu leporatu dizkiete: “Eginkizunak usurpatzea, kezka eragiteko informazio faltsua zabaltzea, legeak ez betetzera bultzatzea, matxinada bultzatzea, delituak egiteko elkarketa eta konspirazioa".

Europak eta AEBek, hauteskundeen emaitzak publiko egiteko eskaera

Nazioartean zenbait estatuk “kezka handia” agertu dute Venezuelako hauteskundeen osteko egoeragatik. Europan Espainiak, Frantziak, Italiak, Alemaniak, Herbehereek, Poloniak eta Portugalek adierazpen bateratua egin dute, eta Venezuelako agintariei eskatu diete “lehenbailehen” argitara ditzatela akta guztiak, “hauteskunde-prozesuaren erabateko gardentasuna eta osotasuna bermatzeko”. AEBtako Mendebaldeko Hemisferioko Aferetako Bulegoko idazkariorde nagusi Mark Wells-ek Maduro eta bere ordezkariei eskatu die “hauteskundeetako benetako emaitzak aitortu behar” dituztela.

Venezuelako Justizia Auzitegi Goreneko presidente Caryslia Rodríguezek jakinarazi du CNEk “eskatutako ardura guztiak” gorteari eman dizkiola, eta “epailearen agindua bete duela”, eldiario.es komunikabideak jaso duenez. Auzitegiak "kontsignatutako materiala aztertzeko prozesua" irekiko du gehienez 15 eguneko epean, luzagarria den epea. Rodríguez 2024ko urtarrilaren 17an izendatu zuten Justizia Auzitegi Goreneko presidente, eta lehenago Maduro buru den Venezuelako Alderdi Sozialista Batuan militatu zuen.

24 hildako, eta 2.200 atxilotu inguru

Provea giza eskubideen gobernuz kanpoko erakundearen txosten baten arabera, 24 pertsona hil dira –horien artean militar bat– uztailaren 28tik abuztuaren 5era bitartean “hauteskundeekin lotutako ekitaldietan eta protestetan”, Swiss Info hedabideak jaso duenez. Madurok adierazi du bi militar hil direla, eta 2.200 pertsona baino gehiago atxilotu dituztela. Atxilotuak “terrorista” gisa aipatu eta hura boteretik kentzeko plan batekin lotu ditu.