Venezuelak AEBetan dituen ondasunak eta horien gaineko interesak blokeatu ditu Trumpek. Caracaseko Gobernuaren aurkako neurri honekin Trumpek Maduro presionatu nahi du, eta erabateko enbargo baterako lehen pausua izan liteke.
“AEBetan Venezuelako Gobernuak dituen ondasun eta horien gaineko interes guztiak blokeatuta daude, eta ezin dira transferitu, ordaindu, esportatu, erauzi edo beste era batean tratatu”, dio berehala indarrean sartuko den ordena exekutiboak.
“Venezuelako Gobernua” kontzeptuaren gaineko zehaztasunak ere eman ditu ordenak; Venezuelako Gobernua eta Estatua sartzen dira bertan, “edozein azpizatiki politiko, agentzia edo instrumentu”, Venezuelako Banku Zentrala eta PDVSA petrolio enpresa publikoa barne.
Ordena “Nicolas Maduroren boterearen monopolizazioa eta giza eskubideen etengabeko urraketak direla eta” egin dutela esan dute. Neurri hau ez dute guztizko enbargu bezala sailkatu, baina Washingtonek Venezuelarekiko inoiz hartu duen neurri komertzial gogorrena da Trumpek Juan Guaidó Venezuelako presidente bezala aitortu zuenetik.
“Blokeoa edo koarentena”
Samuel Moncada Venezuelako Nazio Batuen Erakundeko enbaxadoreak adierazi du neurri hori “legez kontrakoa eta kriminala” izango dela. “Blokeo ekonomikoak eta mundu mailako lapurretak ankerkeriaren ezaugarriak dituzte, gerretako krimenek bezala”, gehitu zuen Venezuelako ordezkariak.
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak “legez kontrako mehatxu kriminala” salatu du, eta herritarrak eustera deitu ditu: “Venezuelaren aurka koarentena ezarri nahi badute, prest egon; baina Venezuela ez du inork blokeatuko”, adierazi zuen.