argia.eus
INPRIMATU
Venezuelako Asanblada Nazional Konstituziogilerako hauteskundeen data aurkeztu dute
  • Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko lehendakari den Tibisay Lucenak Asanblada Nazional Konstituziogilerako (ANK) hauteskunde data aurkeztu du: datorren uztailaren 30an izango da.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 08a

Uztailaren 9an hasiko da kanpaina eta uztailaren 27ko gauerdian amaituko da. Asanblada Konstituziogilea 545 herritarrek osatuko dute eta 55.314 venezuelar erregistratu dira hautagai.

Lucenak adierazi duenez, Venezuelaren historia politikoan une erabakigarria bizitzen ari dira, eta deialdi hau “aukera paregabea izan daiteke topatu eta debate nazional” bat emateko.

Izan ere, Venezuela bizitzen ari den krisi egoerari irtenbide emateko proposatu zuen  pasa den maiatzaren 1ean, Nicolas Maduro lehendakariak 1999ko konstituzioa eraldatzeko prozesu parte hartzaile hau. Bere esanetan hauek dira prozesuaren helburu nagusiak:

-Bakea lortu eta justiziaren balioak azpimarratu, elkarrizketa nazionalaren bitartez.

-Venezuelaren sistema ekonomikoa garatu eta perfekzionatzea.

-Iraultza bolibartarraren ildo estrategikoak diren Misio eta Misio Handiak konstituzionalizatzea.

-Terrorismoaren eta narkotrafikoaren kontrako borrokarako justizia tresna eraginkorrak konstituzionalizatzea.

-Komuna eta kontseilu komunalak konstituzionalizatzea.

-Demokrazia protagoniko, partehartzaile eta zuzenaren forma berriei espazioak eskaini.

Gazteleraz TeleSurrek ateratako azalpena
Gazteleraz, TeleSurrek eginiko grafikoa