argia.eus
INPRIMATU
Venezuelak iragarri du OEAtik aterako dela
  • Venezuelak Estatu Amerikarren Erakundea (OEA) utziko duela iragarri du Delcy Rodríguez, herrialdeko atzerri ministroak. Erakundearen esku-hartzeak salatu ditu eta “duintasunagatik” irtengo dela adierazi du.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 27a
Delcy Rodriguez Venezuelako Atzerri ministroa. (Arg.: Resumen Latinoamericano) Delcy Rodriguez Venezuelako Atzerri ministroa. (Arg.: Resumen Latinoamericano)

Asteazken honetan bertan deitu du OEAk Kontseilu Iraunkorra Venezuelari buruz hitz egiteko herrialdearen baimenik gabe, eta horrek Erakundearen arauak hausten ditu, Telesurrek eman duen albistearen arabera. Kontseilu hori deitu aurretik, Venezuelak iragarria zuen bilera deituz gero Erakundetik aterako zela.

OEAk denbora asko darama Venezuelan gobernu aldaketa egon dadin lanean. Ez da lehen aldia halako Kontseilu bat antolatzen duela herrialdearen baimenik gabe. Luis Almagro uruguaitarraren zuzendaritzapean; behin baino gehiagotan igorri dituzte Venezuelaren kontrako ebazpenak.

“OEAk gure burujabetzaren kontrako esku-hartzeekin presio egiten jarraitu du, ondorioz, Erakundetik ateratzea erabaki dugu”, adierazi du Rodríguezek. Atzerri ministroak salatu du OEA nazioarteko babesa ematen ari dela apirilaren 3tik herrialdea astintzen ari diren protesta bortitzei. “Venezuelak egun bizi duen errealitateak zerikusi handia du OEAren eraso ekintzerkin. Irtetea ez da koiunturala, gure herriaren duintasunarekin du zerikusia”, erantsi du.

Venezuelaren kontrako erasoak tratatzeko, Madurok gobernatzen duen herrialdeak Latinoamerika eta Karibeko Estatuen Komunitatearen (CELAC) ezohiko bilera deitu du maiatzaren 2rako. CELACek Amerikako estatu guztiak biltzen ditu AEB eta Kanada izan ezik, eta ez da azken horien eragin-tresna bilakatu, OEAren kontrara —besteren artean, Kuba OEAtik kanporatu zuten 1962tik 2009ra bitartean—.

OEAn berriz, ateratzeko prozesuak bi urte irauten duenez, Venezuelak iragarri du ez dela joango esku-hartzeak gai nagusitzat dituen bileretara.