Venezuelako jarduneko presidente Nicolas Madurok azaldu du Chavez pozoitu izanaren susmoa dutela. Horregatik, “egia argitzeko bidean”, aukera hori ikertuko dute. Gobernuak azaldu duenez, bertako ikerlariak ez ezik, atzerriko zientzialariak ere gonbidatuko dituzte.
Madurok dio goizegi dela Chavezen minbizia nahita eragindakoa dela esateko, baina ohartarazi du AEBek gaixotasunak manipulatzeko laborategiak dituztela. Horrelako tumorea aurkitzen zuten lehen aldia zela esan du jarduneko presidenteak, eta Yasser Arafat lider palestinarraren pozoitzearekin alderatu du.
Chavezek berak hura eta Hego Amerikako beste hainbat lider pozoitu zituzten susmoa azaldu zuen Argentinako presidente Cristina Fernandez Kirchnerri tiroide minbizia hautematean. “Oinarririk gabeko akusaziorik” egin nahi ez zuela adierazi zuen orduan, baina bere ustez ez zatekeen harritzekoa AEBek halako teknologia garatuz gero sekretuan gordetzea.
Oposizioaren arabera, konspirazio-teoria osoa gizartearen arreta “herrialdea zigortzen duten arazoetatik” desbideratzeko estrategia da.