argia.eus
INPRIMATU
Venezian itsasontzi handien trafikoa debekatu dute kalte ekologikoaren eta turismo masiboaren aurka
  • Uztailaren 13an iragarri zen neurria, eta igande honetan sartu da indarrean. Veneziatik igarotzen diren ontzi handiek ezin izango dute hiriaren erdigunetik sartu; beste portu batzuetatik bideratuko dituzte, aintziran eragiten duten kalte ekologikoa eta turismo masiboa gelditzeko asmoz.

     

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 02a

Abuztuaren 1etik aurrera, itsasotzi handiek ezin izango dute Veneziako alde historikotik pasatu. Erabakiak 180 metro baino luzeagoak edo 35 metro baino altuagoak diren ontziei eragingo die. Orain arte bezala, San Marko plazatik eta Guidecca Kanaletik igaro beharrean, Marghera portu industrialean bota beharko dute aingura, CNN hedabideak jaso duenez.

Italiako Gobernuak apirilean debekatu zuen lehen aldiz zeharreko bidaietarako eta edukiontzi gisako ontzi handiek Veneziako alde historikotik nabegatzea. Halere, kanaletik kanpoko itsasontzietarako terminalak ez zeuden prest, eta neurria ez zen aplikatu. Pandemiaren ondorioz, itsas trafikoa geldi egon zen bost hilabetez, baina ekainaren 5ean berrezarri zen.

Orduan hasi ziren berriro ontzi handien aurkako ekintzak antolatzen. Batetik, zehar bidaietarako itsasotziek aintziran kalte ekologikoak eragiten dituztela salatu izan dute eragileek. Lurraren erosioa eta kutsadura dira arazoetako batzuk. Pandemiak iraun bitartean, ontzirik ez igarotzeak izugarri hobetu zuen kanaletako uraren kalitatea, eta hori adibide hartuta, Italiako Gobernuari eskatu zioten trafikoa gutxitzeko antzeko neurriren bat hartzeko. Biztanleek sare sozialetan zabaldu zituzten eskaeretako batzuk.

Bestetik, zehar bidaietarako ontziek Venezian turismo masiboa bultzatzen dutela ere gaineratu izan dute eragileek. Turisten etorrera arazo handi bilakatu zen Veneziak orain dela bizpairu urte. The Guardian hedabideak 2016an emandako datuen arabera, goi-denboraldian, 30.000 turista iristen ziren dira egunero itsasoz Veneziara. 

Turismoak kaltetutako hirien sarea

Venezia turimoak kaltetutako hirien SET sarearen parte da 2018an sortu zenetik. Turistifikazioaren aurrean dauden Europa Hegoaldeko Hirien Sareak hainbat herrialde hartzen ditu barne, eta tartean daude Donostia eta Iruñea ere.