Planetak bizi duen larrialdi klimatikoa bere alderik bortitzena erakusten ari da egunotan Venezian. Azaroaren 12ko gauean, itsasgorak (aqua alta, venezieraz) 187 zm-ko altuera hartu zuen, XX. mendeko bigarren uholde larriena. Hiriaren %80 urpean gelditu da eta bi hildako daude.
Aurreikuspenek gehienez 160 cm-ko itsasgora aurreikusten zuten, baina 120 km/orduko haizeek harrotu egin zituzten Adriatikoaren urak, eta gauerdia baino apur bat lehenago itsasoak gainezka egin zuen. Pellestrina irla txikian, Veneziako hirigune historikotik 20 bat kilometrora, bi pertsona hil ziren. Urak hainbat eta hainbat eraikin hartu zituen, tartean etxebizitza eta negozio ugari baina baita San Marko basilika bezalako eraikin enblematikoak ere.
Agintariek larrialdi egoera dekretatu dute. Luigi Brugnaro alkateak adierazi du kalteak “zenbaezinak” direla, eta Veneto eskualdeko gobernadore Luca Zaiak “txikizio apokaliptiko” gisa definitu du egoera. Italiako gobernuak dagoeneko iragarri du neurri bereziak hartuko dituela kaltetuei laguntzeko. Egoera baretu arte, ordea, zaila izango da uholdearen benetako ondorioak zeintzuk izan diren zehaztea.
Itsasgorak eragindako uholdeak ez dira ezohiko fenomenoa Venezian. Hiria 550 km2-ko padura zabal baten erdian eraikita dago, Italia iparraldeko ibai nagusien itsasoratzeak bat egiten duen tokian; eraikin gehienak lokatzetan sartutako egurrezko piloteen gainean eraikita daude, mila urtez perfekzionatuz joan den eraikuntza-teknika baten bidez egonkortuta.
Testuinguru honetan, ez da arraroa hiriaren alderik baxuenak urpean gelditzea itsasgorak bere ohiko maila gainditzen duenean, bereziki udazkeneko ekinokzio inguruko garaietan. Aqua alta eta aqua bassa venezieraren ohiko espresioak dira mareen fluktuazioei erreferentzia egiteko, eta historian zehar ohikoak izan dira mutur bateko zein besteko egoerak. Alabaina, azken hamarkadetan aqua altari lotutako uholde katastrofikoak gero eta ohikoago bilakatzen ari dira, neurri handi batean aldaketa klimatikoak eraginda. Ez da ahaztu behar Mediterraneoaren bataz besteko maila 20 eta 25 cm bitartean igo dela XX. mendean zehar, eta horrek areagotu egin duela itsasgoraren eraginpean gera daitekeen lur-hedadura.
"Fenomeno honek bereziki eragin dio Veneziako padurari, bertan gizakiak guztiz eraldatu baitu jatorrizko ekosistema"
Fenomeno honek bereziki eragin dio Veneziako padurari, bertan gizakiak guztiz eraldatu baitu jatorrizko ekosistema. Paduraren egokitzapenak Antzinarotik dokumentatuta dauden arren, Errepublikak XIV. eta XVII. mendeen artean egindako lan hidraulikoak izan ziren benetan eragin ziotenak; lan horien bidez, bertan isurtzen ziren ibai nagusiak ―Adige, Brenta, Sile eta Piave― paduratik kanpora desbideratu ziren, hauek ekarritako alubioiek hiria itotzea saihesteko helburuarekin. Hala, Veneziaren itsasorako irteera ziurtatuta gelditu zen baina, aldi berean, padurako dinamika naturalak errotik aldatu ziren, itsasoak eragindako higadura-arriskua nabarmen areagotuz.
Azken hamarkadetako turistifikazio masiboak egoera larritu baino ez du egin. Alde batetik, urtero 8 milioi bisitari iristen dira Veneziara, eta horien %75ek ez du egun oso bat ere bertan ematen. Bisitari horientzako garraio eta mantenu zerbitzuak bermatzeko, motordun ibiligailuen trafikoa esponentzialki igo da hirigune historikoan, uraren mugimendua eta honek eragindako higadura indartuz. Egia da No Grandi Navi bezalako herri-mugimenduek lortu dutela fenomeno honen ondorioak agenda publikoan sartzea, baina horrek ez du, gaur-gaurkoz, neurri praktiko zehatzik ekarri; milaka bidaiari garraiatzen dituzten untzi erraldoiak egunero iragaten dira, oraindik, San Marko plazaren paretik.
Bestalde, turistifikazioak despopulatze larri bat ere eragin du: 1951ean 174.808 biztanle baziren, 2001ean 65.695era jaitsita zeuden, eta 2018 hasieran apenas gelditzen baitziren 53.799, gehienak adineko pertsonak. Hala, hiriko ehun sozio-ekonomiko eta kulturala desegiten den hein berean, abandonatutako eraikinen eta azpiegituren mantenua gero eta zailagoa bilakatzen ari da, higaduraren aurkako defentsak ahulduz.
Egoera honen aurrean, 2003an abiarazi ziren MOSE (Modulo Sperimentale Elettromeccanico) delako makroproiektu hidraulikoaren lanak, Italiako Azpiegituren Ministerioak eta Veneziako Uren Magistraturak gidatuta. Proiektu honek padurako sarrera bakoitzean dike mugikor batzuen eraikuntza proposatzen du; hauek 110 cm baino gehiagoko itsasgorak gertatzean aktibatuko lirateke, padura isolatuz eta bertako urak itsaso zabalaren maila baino 1,6 m bitarte baxuago mantenduz. Hala ere, 2014an jarduneko alkatea espetxera eraman zuen ustelkeria-kasuak bete-betean jo zuen proiektua, eta egun ez da aurreikusten lanak 2022 baino lehenago bukatzerik.
Tamalez, azken hamarkadetan itsasgorak eragindako uholde katastrofikoek ugaritu baizik ez dute egin, eta ez dirudi etorkizunean joera gutxituko denik. Historiako uholderik handiena 1966ko azaroaren 4ko aqua granda delakoa izan zen; ura 194 cm hazi zen. 187 cm-rekin, 2019ko azaroaren 12koa XX. mendeko bigarrena izan da, beraz. Hirugarrena noiz etorriko den inork ez daki; haren ondorioak noraino iritsiko diren, aldiz, guztiok susma dezakegu.