argia.eus
INPRIMATU
Turismoarekin lotutako protestak izan dira asteburuan Venezian, Palman eta Donostian
  • Turismoaren gaiak zeresana ematen jarraitzen du. Asteburuan protestak eta mobilizazioak izan dira hainbat lekutan: Venezian (Italia) gurutzontzi handien aurkako No Grandi Navi protesta eta ekimenak egin dituzte bi egunez, Palman (Herrialde Katalanak) "Nahikoa da, honaino heldu gara" manifestazioa eta Donostian hotel baten eraikuntzaren aurka etxebizitza bat okupatu dutela jakinarazi dute.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 26a
Palman milaka lagun atera ziren kalera indarrean dagoen turismo ereduaren aurka protesta egiteko.

Asteburu osoko protesta antolatu dute Venezian. Hitzaldi, herri bazkari eta kontzertuez gain, beste behin, itsasora jo dute ehunka lagunek gurutzontzien sarreraren aurka protesta egiteko. Poliziak bere lekua hartuta zeukala irakur dezakegu Venezia Today hedabidean.

Gurutzontziek egunean zehar, protestak medio, ez ateratzea erabaki zuten. Gauean, Laguna zeharkatzen hasi zirenean, ordea, protestariek bertan jarraitzen zuten eta su artifizialak bota zizkieten. Ikusi bideoa hemen.

Palman "nahikoa da" esan dute

Palman milaka lagun bildu dira larunbatean uhartean nagusi den turismo ereduaren aurka. "Fins aquí hem.arrivat, aturem la massificació turistica" lelopean (Honaino heldu gara, geldi dezagun masifikazio turistikoa euskaraz) Palman gai horrekin sekula egindako manifestaziorik handiena egin dute.

 

Hotel baten aurkako erresistentzia Donostian

Donostian, berriz, Donostiako Alde Zaharrean hainbat herritarrek etxebizitza bat okupatuta daukate joan den ekainetik, hotel berri baten eraikuntza gelditzen saiatzeko. Larunbatean egindako prentsaurrekoan jakinarazi eta erresistentziarako deia egin dute, nabarmenduz, Udalak ez duela sinatu azken baimena.